Torturak utzitako arrastoez hitz egiteko garaia delako
Euskal Memoriak torturaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu Egia kultur etxean. Egia bat osatzea da lehenengo helburua, ondoren justizia eta erreparazioa hel daitezen. Horretarako, tortura zuzenean bizi izan dutenei ahotsa eman die.
Garai politiko zehatz batean ari da lanean Euskal Memoria Fundazioa. Argi dute, egun, torturaz hitz egitean, garrantzitsua dela egia, justizia eta erreparaziorako bidean aritzea. Fundazioak 2009tik dihardu bizipen eta gertakizun horiek ahanzturan ez erortzeko lanean. Tokian tokiko errealitatea jasotzetik hasita, ahalik eta egia osatuena sortzeko bidea hasia dute, eta egindako eta egiten ari diren lana zabaltzeko asmoz, bi eguneko jardunaldiak egin dituzte Donostian.
Asteazken iluntzean, Egia kultur etxean hainbat lagun bildu ziren, torturak Donostian utzitako arrastoa gehiago ezagutzeko asmoz. Gela zabalean, aulkiek borobil bat marrazten zuten, eta inguratu ahala, eserleku guztiak bete zituzten bertaratutakoek.
Bertan zeuden Euskal Memoriako kideak, bertan zeuden tortura zuzenean pairatutako hiru lagun ere. Argi azaldu zuten zertara zetozen: «Hamarkadetan euskaldunon kontra erabili den mekanismoa da tortura, eta garaia da torturak utzitako arrastoez hitz egiteko», azaldu zuten.
Bestalde, asteazken iluntzekoa ez zuten berriro ere, bizipen gogor horiek entzuteko zita izaterik nahi. «Ariketa bat dugu egiteko: Estatuen espreski izkutatua izan den indarkeria hau, tortura, ikusarazi eta ezagutaraztea», adierazi zuten. Helburua hala, torturak utzitako ondorioez hitz egitea izan zen. Horretarako, testuinguruak, ondorioak eta erreparazioa emateko moduez galdetu zien gonbidatuei.
348 tortura kasu konfirmatu
Hitza hizlariei eman aurretik, Donostian jasotako hainbat datu azaldu zituzten.
Hirian bildutako atxiloketa politiko kopurua 1.238koa dela esan zuten. Horietatik 348k tortura jasan izana konfirmatu dute ikerketan. Bestalde, 160k ez dutela torturarik jaso konfirmatu ahal izan dutela azaldu zuten. Baina egiteko duten lana ere azpimarratu zuten, izan ere, 730 kasu dituzte oraindik aztertzeko, hain zuzen ere, torturarik jasan duten edo ez, ez dakitenak.
Gonbidatuei hitza eman zieten ondoren. Azpimarratu nahi izan zuten tortura jasandako pertsonek, jendaurrean torturaz hitz egiteko topatzerako orduan izandako zailtasunak. Beraz, leku erosoan egotea espero zutela.
Periko estonba
«Ez nuen uste nire kasua garrantzitsua izan zitekeenik ere», horrela hasi zituen hitzak Periko Estonbak. Gazte zela, 1971ean, atxilotua izan zen Burgosko Auziaren inguruko informazioa banatzen ibili izanagatik. Estonbak 23 egun egin zituen komisaldegian inkomunikatuta. Ondoren, 25 egun kartzelan igaro ondoren, inongo kargurik gabe aske utzi zuten.
Bere ustetan, garai haietan tortura oso publikoa zen; «salbuespen egoera ezartzen zutenean, denek genekien zer gertatzen zen komisaldegietan», azaldu zuen. Estonbak kaleko mugimendua geratzeko erabiltzen zuten tresna zela uste du, eta noski, informazioa ateratzeko ere; «nik, une bat iritsita, nekien dena esan nuen; eskerrak, nekiena ere ez zela gauza gehiegi», esan zuen hunkituta.
Bere kasuan, torturek eta bizitako horrek guztiak «oso ukituta» utzi zutela kontatu zuen. Bi edo hiru urtetan dena utzi zuela kontatu zuen. Ez zuen inoiz salatu, dena pasatu izana nahikoa zen beretzat.
Egiaren komisio baten beharra ikusten du Estonbak, eta pertsonalki ez du barkamenik bilatzen; «ni ez naiz biktima sentitzen, ez dut politika bide hori bilatzen», adierazi zuen.
Imanol Ostolaza
«Tortura barneratuta genuen guk garai haietan, bagenekien aukera bat zela», azaldu zuen Ostolazak hasi bezain pronto. Bera, 1977an atxilotu zuten eta 9 egunez izan zuten inkomunikatuta. Gogoratu zuen, nola behin Puerta del Solera mugitu zituztela; han torturak bizitzen zeudela, kideetako bat hil zuten; «momentu hori oso gogorra izan zen», esan zuen.
Gogoratu zuen, nola azken egunean forense bat etorriko zela esan zietela; «guk ez genekien txakurra ote zen, eta ea minik nuen galdetu zidanean, zintzilik egoteagatik handituta nituen oinak erakutsi nizkion», azaldu zuen, «‘hori zer da, zapatak gehiegi estutzeagatik ezta?’ esan zidan forenseak, eta hori geratu zen», kontatu zuen.
Bere kasuan, torturek baino, kartzelak eragin diola gehiago onartu zuen; «nik nahiko ondo eraman nuen hori, tortura oso fisikoa izan zen eta pasatzen da, baina kartzelak utzitako mina handiagoa da nigan», esan zuen.
Maialen Eldua
Eldua 2009ko Segiren aurkako sarekada batean atxilotu zuten. Ondo gogoratzen du atxiloketa gaua. Astelehena zen eta etxera iristean, polizia ikusi zuen inguruan. Pentsatu zuen ‘hori izango zela eguna’; leihoa irekita utzi zuela soinuren bat entzunez gero esnatzeko. Hala, 1:50ak inguruan soinuak entzun zituela eta leihora inguratu zenean han ikusi zituela azaldu zuen.
Inkomunikatuta bost egun igaro zituen. Azaldu zuen, lehenagotik «prestatuta» zegoela egun horietarako, hainbat mintegi jasota; «nahiko kokatuta joan nintzen inkomunikaziora, nahiz horrek ez duen esan nahi uneoro egokiena egin ahal izan nuenik», azaldu zuen.
Kartzelan 10 hilabete igaro zituen eta bertan ez zuten inkomunikazioaz asko hitz egiten. Kalera ateratzean ostera, etxera itzulita, gauero-gauero 1:50tan esnatzen zela azaldu zuen; «hiru minutuko aldearekin, baina egunero. Leihotik begiratu, hor ez zeudela ikusi eta berriro lokartzen nintzen», esan zuen.
Tortura existitu dela onartzea ikusten du ezinbesteko, eta noski, berarekin amaitzea; «zeren ahaztu, ezin dugu ahaztu, baina honekin bizitzen ikasi behar dugu», amaitu zuen.