Hiru kamerekin egingo dute Ondarretako itsas mugimenduen jarraipena
Aztirekin, lankidetza protokolo bat izenpetu du udalak, Ondarretako harrien arazoa konpontzeko asmoz.
Ondarretako hondartzako mugimenduak aztertzeko, hiru kamera jarriko dituzte itsasoaren eta elikagaien ikerketan espezializatutako zentro teknologiko Azti-Tecnaliak. Horiekin, aurrera begira Ondarretako harrien arazoa konpontzea espero dute. Hiru kamera horiek Igeldoko dorrean kokatuko dituzte hilabetea amaitu aurretik eta Kontxako zati bat ere hartuko dute. Horretarako, Donostiako Udalarekin lankidetza protokolo bat izenpetu dute hurrengo lau urterako.
Azterketa honen bidez, hondartza ahalik eta hoberen ikertu nahi dute, ondoren hartu beharreko neurriak zein diren jakiteko. Hala ere, aurreratu dute, maiatza arte ez dutela neurririk hartuko. Hiri Zerbitzu eta Azpieguta zinegotzi Nora Galparsorok adierazi du, ez dutela neurririk hartuko “kapritxoz”, beti oinarri teknikoen gainean hartuko dituztela.
Besteak beste ikerketa, Ondarretan urteetan eta baita iaz ere, harriek sortzen duten arazoari aurre egiteko baliatu nahi dute. Itsasoak eta mareek egiten dituzten mugimenduak aztertuta, harri eta hondarren leku aldatzeak ere zehaztu nahi dituzte.
Kostu ekonomikorik ez
Elkarlan protokolo honek ez du udalarentzat inongo kostu ekonomikorik izango. Aztiko zuzendari nagusi Rogelio Pozok azaldu duenez, udal teknikariei aholkularitza emango diete, ondoren haiek hartu beharreko neurriak eta egin beharreko lana bete dezaten.
Azkenik, harrien eta hondartzen inguruan pazientzia eskatu du Aztiko zuzendari Adolfo Uriartek; “pazientzia eskatu nahi dugu. Gutxienez mahai gainean hamar urte daramazkin arazo bat da, ez iazkoa, eta konpontzeko ere ondo aztertu behar dira hartu beharreko neurriak”, esan du. Gogorazi du gainera, gaizki hartutako neurriek, maiz, kalte handiagoa ere eragin izan dutela.