Nerea Txapartegi eta Juan Karlos Izagirre, aurkezpenean. (Argazkia: K. M)
Iaz baino sei danborrada gehiago aterako dira aurten, denak, gizon eta emakumez osatuak.
Gaur aurkeztu dute helduen danborrada, eta bertan hainbat berritasun azaldu dituzte. Horien artean, Kresalako sei emakumek ikurrina igoko dutela, alkateak Donostiako bandera igotzen duen artean. Emakume horiek, danborradan atera ziren lehen emakumeetako batzuk dira. Kresala elkartearekin egin zuten, 1980. urtean hain zuzen ere.
Bestalde, Juan Karlos Izagirre alkateak azpimarratu du, aurten 1813ko bigarren mendeurrenaren harira, 19an, 11:45ean ereserki zaharra joko dutela Alderdi Ederren. Duela berrehun urte hiriko ereserkia zena, 1.400 danborrek joko dute, banda eta koroak lagunduta. Gainera, goizean ez ezik, gauean zehar danborrada guztiek joko dute ereserki zaharra.
Gainera, Izagirrek gogoratu du, aurtengo azken berrikuntza, Konstituzio plazan 66 hiritarrek balkoietan egoteko aukera izango dutela, bandera igoeran zein jaitsieran. Gaur goizean, 2.900 pertsonatik gora emana zuten izena. Zozketa, astelehenean egingo dute, danbor nagusia eta jeneralaren laguntzarekin, 19:00etan.
Parekidetasunaren bila
Nerea Txapartegi Kultur ordezkariak hainbat datu eman ditu aurtengo danborradaren inguruan. Horien artean, gehienak, gizon eta emakumeen arteko berdintasunarekin lotutakoak zutenak.
Azaldu duenez, Aurten 125 danborrada ibiliko dira hirian zehar; iaz baino sei gehiago. Sei berri horiek, Ardatza, Presentación de María, Amaikak Bat, Sheshenarena, Uliazpi Elkartea eta Katu Arrainak dira, eta denak gizon eta emakumez osatuta daude.
Guztira, 114 danborrada dira gizon eta emakumeez osatuta daudenak eta 11 gizonezkoenak bakarrik direnak. Hala ere, azaldu du, 15.143 lagun aterako direla danborradan eta horietatik oraindik 5.323 bakarrik direla emakumeak; “pozgarria da urtero gero eta emakume gehiago ikustea, nahiz gizonezkoak erdia baino gehiago diren oraindik; lanean jarraitu behar dugu”, esan du.
Gainera, Txapartegik herritarrei eskatu die, festa giroan ondo pasatzeko baina gogoratzeko eraso sexistarik gabeko jaiak nahi dituela hiri honek. Beraz, errespetuz eta berdintasunean jokatzeko deia egin dute Txapartegik zein alkateak.