Kontzentrazio bat egingo dute gaur, Urtzi Etxeberriaren atxiloketa salatzeko
Ostiralean atxilotu zuten amaratarra Frantzian, Andoni Larizekin batera; biei «erakunde terroristako kide» izatea egotzi die fiskaltzak
Ostiralean Frantzian ustezko bi etakide atxilotu zituen Frantziako Poliziak: Urtzi Etxeberria amaratarra eta Ziortza-Bolibarko Andoni Lariz. Prentsa ohar baten bitartez, Donostiako Ezker Abertzaleak bi atxiloketak salatu egin ditu, eta bereziki, Urtzi Etxeberriarena. Kontzentrazio bat egingo dute gaur Donostian, Anoeta estadioaren aurrean, 19:00etan. “Eragile anitzek Euskal Herrian bakea eta demokrazia erdiesteko aurrera urrats esanguratsuak egiten ari garen bitartean, errepresioaren errezeta antzuari lotzen zaizkie, itsuki, frantziar eta espainiar estatuak”, adierazi du oharrean. Errepresioaren bidez, “jendartearen ilusioa zapuztu” eta Euskal Herriaren bake eta askatasun bidea “bortxaz bahitu” nahi dutela salatu du. Konpromiso “argiak” eskatu dizkio EAJri, PPri eta PSOEri: “Utz diezaiotela korrontearen kontra igeri egiteari, eta busti daitezela bakearen eta konponbidearen eraikuntzan”.
Espainiako berri agentziek jakinarazi dutenez, La Nievre departamenduko hiriburu Nevers inguruko errepide batean atxilotu zituzten, 17:30 aldera, kontrol batean. “Erakunde terroristako kide” izatea egotzi diete. Lapurreta egitea eta agiriak faltsutzea ere leporatzen diete.