Arteleku proiektuak Txomin Eneako egoitza utziko du
Ikus-entzunezko jarduerak Parte Zaharreko Santa Teresa komentuan egingo dituzte; eta Dantzagunea Errenteriako Lekuona okindegi zaharrera eramango dute
Arteleku proiektua ez da desagertuko, soilik lekuz aldatuko dute. Egun Txomin Enean duen egoitza, ordea, eraitsi egingo dute, eta desagertu egingo da. Izan ere, uholde eta euriteek hamaika arazo ekarri dituzte Txomin Enea eta Martutene auzoetara; eta Donostiako Udalak uholdeak ekiditeko egingo duen plangintza urbanistiko berria dela eta, Artelekuk kokapen hori utzi beharko du hemendik denbora batera.Egungo egoitza bera ere bete betean harrapatu du plan horrek.
Bi espaziotan banatuko dute Arteleku. Dantzari dagokiona, Dantzagunea, Errenteriara eramango dute, Lekuona okindegi zaharrera; eta gainontzekoa, ikus-entzunezko adarra, Parte Zaharreko Santa Teresa komentura.
Ikerne Badiola kultura diputatuak eman zuen erabaki honen berri kultura batzordean. Ikus arteak Santa Teresa komentura eramateko arrazoiak azaldu zituen bertan: “Karmeliten elkartearekin hitzarmen bat egin zuen Aldundiak 1988an. Komentuaren goiko partean egin beharreko lan batzuen truke, komentuaren beheko zatia Foru Aldundiaren jabetza izatera pasatu zen”. Aldundiaren aurreikuspenen arabera, prozesu guztia bukatuta egongo da aurtengo azken hiru hilabeteetan.
Santa Teresa komentuko espazio horrek 3.000 metro koadro ditu. Orain San Telmo Museoko materiala dute bertan, biltegi gisa erabiltzen baitute. Hura hustutzea izango da aurreneko lana; hiruzpalau hilabeteko lana. Pieza horiek guztiak Irungo Gordailura eramango dituzte. Udazkena izango da Artelekuko lanak han kokatzerako.
Txomin Eneatik Parte Zaharrera, eta Loiolatik Errenteriara. Proiektua bi espaziotara zabaltzeak Artelekuri ateak irekiko dizkiola uste du Badiolak, eta Tabakalerarekin eta Donostia 2016 bulegoarekin elkarlana erraztuko duela aldaketa honek.
Errenteriako Niessen aretoan kokatuko da dantzagunea. Ateak irekiko dizkiola uste du Badiolak. Tabakalerarekin eta 2016ko bulegoarekin elkarlana erraztuko duela.
Dantzari ez dagozkion Arteleku zentroaren atal guztiak —ikus-entzunezko jarduerak eta tailerrak— Txomin-Enea Errenteriako Lekuona okindegi zaharraren eraikinera eramango dituzte. Eraikin hori, ordea, ez da 2015. urtea arte prest egongo. Berritze lanak egin bitartean Errenteriako Niessen gunean egingo dute lan dantza konpainiek. Bertan egingo dute lan egun Txomin Eneako egoitzan konpainia egoiliar gisa lan egiten duten bi taldeek: Asier Zabaletaren Ertza konpainiak eta Dantzaz konpainiak.
2011ko azaroko uholdeek Artelekuko lehen solairuko material guztia hondatu egin zuten. Iazko ekainean ireki zuten berriz Arteleku, euriteek eragindako kalteak konpondu ondoren.



