Eusko Jaurlaritzak Donostialdeko Metroaren proiektua baztertu du
Ezinezkotzat jo du Lugaritz-Kontxa eta Kontxa-Morlans-eko zatiak egitea.
Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuak adierazi du egungo ekonomia egoeran “ezinezkoa” dela Lugaritz, Kontxa eta Morlansko metroaren zatiak egitea: “Ez ditugun kredituak arriskuan jartzen ari gara, ezin dugu aurrera egin”, adierazi du sailburuak.
Donostialdeko Metroaren proiektua gelditu egingo dela adierazi du Oregik, eta bere sailak aldirietako tren sarea hobetzearen aldeko apustuari helduko diola; “Topo gisa ezagutzen den sarea” indartuko dutela.
Iaz, irailean, Lugaritz eta Kontxa arteko lurpeko trenbidea egiteko lanak esleitu zituen Eusko Jaurlaritzak. Urrian, berriz, Kontxa eta Morlans arteko lanak esleitu zituzten. Orduko Eusko Jaurlaritzak plazaratu zuen 55,5 milioi euroko aurrekontua bideratuko zuela EuskoTreneko sarea Kontxa eta Morlans artean luzatzeko. Corsan Corviam, Altuna y Uria eta Cycasa y Murias enpresak hartzekoak ziren hiriaren erdialdea zeharkatuko zuen bide hau egiteko ardura.
Ingurumen Sailaren lan ildoak zein izango diren azaldu du gaur Ana Oregik Eusko Legebiltzarrean, eta abiadura handiko trena martxan jartzeari beste epe bat jarri dio: 2018a. Oregik azaldu du Gipuzkoako lanak aurreratuak daudela eta 2016rako prest izango dela, baina ohartarazi du Arabako eta Bizkaiko lanak geldoago doazela eta zati batzuk egiteko lanak eman gabe daudela.