'La Herida' filmatzen ari dira Donostian
Fernando Franco zinemagilea (Sevilla, 1976) La Herida filmatzen ari da Donostian. Gaur Frantziako pasealekuan ari dira filmatzen. Astebete emango dute Donostian. Gaurkoa hirugarren eguna izan da. Komplot-en, Costa Vasca hotelean eta Kontxako hondartzan ere filmatuko dute.
Marian Alvarez aktore madrildarra izango da filmeko protagonista. Bigarren pertsonaia gisa hainbat aktorek parte hartuko dute: Ramon Agirre, Nagore Aranburu eta Anartz Zuazua donostiarrek, besteak beste. Loinaz Jauregi eta Ramon Barea euskal aktoreak ere izango dira filmean.
Francoren lehen film luzea da. Muntatzaile gisa eskarmentu handia du, Pablo Bergerren Blancanieves eta Montxo Armendarizen No tengas miedo filmetan lan egin du, besteak beste. Koldo Zuazua donostiarra ari da ekoizle lanetan.
Drama kutsua du filmak. Protagonistak borderline sindromea du, buruko gaitz bat, eta haren aurka egiten saiatuko da bere egunerokoan.