Manifestazioa Martutenen. (Argazkia: K. M.)
Kutxaren jabetza den etxetik kaleratzeko arriskuan daudela salatu dute; alokairu soziala eskatzen dute.
Okupatutako etxe batetik kaleratzeko arriskuan dauden gazte batzuk deituta, manifestazioa egin dute Martutenen.
Kutxa arduradun lelopean, ehun bat lagun bildu dira elkartasunean.
Hodei Bergara kaltetuetako batek azaldu duenez, duela urte bete inguru, hutsik zegoen etxe batean bizitzen jarri ziren “egoerak bultzatuta”. Haiekin batera, familia bat ere sartu zen, 2 eta 11 urteko seme-alabak dituztenak. Jakinarazi dutenez, aita langabezian dago, eta amaren soldata “murritza” da, alokairu bat ordaintzeko.
Azaldu dutenez, etxearen jabetza Kutxarena da, eta orain “inongo negoziaketarik gabe” kaleratu nahi dituzte; “ez dute hitz egin nahi”, esan du Bergarak.
Gaineratu du lan handia egin dutela etxea egokitzen, eta egindako lana mantendu nahi dutela.
Eskatzen dutena alokairu sozial bat ezartzea da, bertan bizitzen jarraitu ahal izan dezaten.
Stop Kaleratzeak Gipuzkoa kolektiboak babesa eman dio kasuari.