Izagirre: "2016ko inbertsioa jaistea akats historikoa litzateke"
Lehendakariarekin bilera egin du Izagirrek; bilera “giro onean” joan dela, eta Urkulluk hitzez konpromisoak hartu dituela esan du alkateak.
Iñigo Urkullu Lehendakariarekin atzo izan zuen bilera Juan Karlos Izagirre alkateak. Bertan politika orokorrari eta hiriari dagozkion hainbat gaiez aritu zirela jakinarazi du Izagirrek. Esan du, ez zela konfrontazio jarrerarekin joan bilerara; ez politikoki, ez lurraldetasunari dagokionez.
Bilerako gai nagusietako bat Donostia 2016a izan zela azaldu du alkateak. Bertan, alkateak aurreko Eusko Jaurlaritzako gobernuak hartutako konpromisoa mantentzeko eskatu zion, eta partida murriztea akatsa izango zela adierazi ziola azaldu du; “2016ko inbertsioa jaistea akats historikoa litzateke”, esan du.
Hala ere, argi azaldu du inbertsioak jaitsita ere, Donostian “laguntzarekin edo gabe”, proiektua aurrera aterako dela. Izan ere, iaz Eusko Jaurlaritzak 500.000 euroko partida aurreikusi zuen (udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak beste), eta aurten, erakunde bakoitzak 1,5 milioi euro inbertitzeko konpromisoa hartu zuten. Jaurlaritzak ordea, 500.000 euro aurreikusten ditu aurten ere.
Izagirrek azaldu du Urkulluk esan ziola “ahaleginak egingo dituela” zifra horiek zuzentzeko. Hori gertatu ezean udalak gogor salatuko duela esan du alkateak.
Urumeako aktuazio planaz ere aritu zirela jakinarazi du Izagirrek. Bertan, URA departamentuaren inplikazioaz haratago, departamentu guztien inplikazioa eskatu zion alkateak. Honekiko jarrera ona sumatu zuela esan du, eta uste duela beraientzat ere lehentasunezko gaia dela.
Topoa, Tabakalera eta kofradia
Beste hainbat gai ere ukitu zituztela azaldu du Izagirrek. Esaterako Topoaren inguruan egun dauden azpiegiturak hobetzeko konpromisoa exijitu zion Lehendakariari.
Hala nola, 2016aren barruan, Tabakalera 2015erako amaituta egotearen garrantzia azpimarratu ziola azaldu du; “esan nion, 2016a zein Tabakalera ez direla hiri honen proiektuak bakarrik, Euskal Herri osoaren proiektuak direla”, azaldu du.
Donostiako Arrantzale Kofradiaz ere aritu ziren, eta dagokien departamentuen konpromisoa eskatu zion.
Azkenik, politika egiteko moduez ere aritu ziren, eta “pertsonak ardatz” dituen politika bat bultzatzeko eskatu zion lehendakariari. Hala, Donostiako Udalak egin duen modura, enplegua sustatzeko inbertsioak egiteko eskatu zion.
Honen ostean, jaurlaritzako departamentuetako aholkulariekin gaiak zehatz jorratzeko bilerak aurreikusten dituzte.