Imanol Vicente, behean, ezkerretik lehena. (Argazkia: Aske Gunea)
Zigortutako zortzi gazte donostiarretatik sei atxilotu zituen Ertzaintzak, joan den ostiralean, Bulebarreko Aske Gunean. Horien artean ez zegoen Imanol Vicente. Hain zuzen ere, donostiarrak gaur arratsaldean aurkeztu du bere burua Martuteneko espetxean.
Horrenbestez, zigortutako zortzi gazteetatik bakarra gelditzen da espetxeratua izateko; Nahikari Otaegi, alegia. Otaegik azken egunak bizi ditu, aske, Donibane Lohizunen, berak ere bere burua kartzelan aurkeztuko duela iragarri baitzuen duela egun gutxi. Zazpi hilabeteko eta hiru urteko bi ume dauzka, eta espetxeratzen dutenean txikiena berarekin eramango du, zaharrena kanpoan utzita.
Ostegunaren etorrerarekin, bi protesta egingo dituzte. 19:30ean, Anoeta estadioaren biribilunean, elkarretaratzera deitu dute. Bestetik, udalbatzarrean Aske Gunearen aurka aurkeztutako mozioa dela eta, kamiseta laranjekin udaletxera bertaratzeko deia egin dute.