Bera Bera Eskubaloiak Txapeldunen Liga jokatuko du
Bera Bera Eskubaloiak datorren denboraldian Txapeldunen Ligan jokatzea erabaki du. Kantxan irabazi zuen horretarako eskubidea taldeak, ABF Ligako txapelduna izanda, baina arlo ekonomikoaren larritasunak erabakia ongi pentsatzera eraman ditu klubeko arduradunak. Edonola, aurrera egitea erabaki dute, eta ondorioz, gutxienez datorren urriaren 5etik azaroaren 17ra Europako talderik onenen ondoan arituko da Imanol Alvarezen taldea, multzokako fasean. Gaur bertan eman du erabakiaren berri klubak, ohar baten bidez, Txapeldunen Ligan izena emateko azken egunean.
Bera Berak 23 urte daramatza goi mailan lehiatzen, eta lehen aldiz lortu du Liga irabaztea, beraz, aurkako eta aldeko hainbat arlo kontuan hartu behar izan dituzte arduradunek halako erabaki garrantzitsu bat hartzeko. “Azken egunetan egindako mugimenduei esker Txapeldunen Ligak eskatzen dituen baldintza zorrotzenak beteko ditu Bera Berak. Ondorioz, klubaren ustez Txapeldunen Liga jokatzeak ez dakar azken urtetan Europako kanporaketak jokatzeak suposatu duena baino gastu gehiago”, dio oharrak.
Bera Berako presidente Fernando Diezek eta Bera Bera Eskubaloiko ardurandun Tati Garmendiak erabakiaren zehetasunak emango dituzte etzi, prentsaurreko batean.