Gazteek kontatuko dute iragana '200' egitasmoan
http://youtu.be/H1w5jljA8IE
Zenbaki borobila da 200. Bi mende pasa dira Donostia suntsitu eta berreraiki zutenetik. Bilakaera hori islatu nahi du ‘200’ egitasmoak ere, eta horretarako 200 gazte donostiar jarri dituzte narratzaile lanetan.
Morgancrea estudioak sortutako egitasmo bat da. Haur eta gazteen ikuspegia erabiltzea pentsatu zuten hiriaren bilakaera soziala, historikoa, geografikoa kontatzeko. Asun Lasarte, Morgancreako ekoizlearen hitzetan, “gazteek ez dute ezer asmatu, liburuetan badaude kontatu dituzten datu horiek guztiak, baina emaitza izango da interesgarriena”.
Izan ere, ‘200’, bideoinstalazio interaktibo bat izango da, nahi den moduan erabiltzekoa eta parte hartzailea. Hau da, sistema interaktibo baten bidez, ikusleak berak aukeratuko du zein garai ikusi, edo hiriko zein pasarte ezagutu.
Egitasmoan parte hartzeko gonbitea luzaturik, 800 haur eta gaztek eman zuten izena. Aukeraketa bat egin ondoren, hamar eta hogeita bost urte bitarteko 200 gazte aukeratu dituzte. Taldeka antolatu dituzte, eta Zuatzun, Donostiako Ikus-entzunezko Berrikuntza Poloko platoetan aritu dira grabaketak egiten bi astez. Gaur izan da grabaketen azken eguna, eta prozesua bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaini dute.
Betirako ikusgai
Hiriaren iragana, etorkizuneko belaunaldiek kontatu dute, eta betirako gordailu bihurtuko da gainera proiektua. Izan ere, bi mendetako mila iruditik gora bildu dituzte ikus-entzunezkoa osatzeko.
200 egitasmoaren azken emaitza azaroan estreinatuko dute San Telmo Museoan, eta ondoren, modu iraunkorrean erakutsiko dute Urgulleko Memoriaren Etxean.