Aintzieta Berri izan da Txominen bota duten lehen baserria
Txomin auzoa erabat berritzea da udalaren helburua, eta horretarako lehen lana eraikin zaharrak bota eta ingurua egokitzea izango da. Hartutako neurrien artean leudeke 8.000 metro karratu eskuratzeko udalak Kristobaldegiko mojekin lortutako akordioa, Txomineko zubi berri egiteko URArekin sinatutako hitzarmena edo Aita Abarzuzako bizilagunen leku aldatzea. Auzoa eraberritzeko lehen fasean 900 etxebizitza eraikiko dituzte.
Ricardo Burutaran, hirigintza zinegotziak gogoratu du udal gobernua hainbat arlotan ari dela lanean, ez Txominen kasuan bakarrik, Urumea arro osoan baizik. Bere hitzetan, “erakundeen arteko hainbat akordio lortu dira, etxe aldaketetarako eta inguruaren etorkizunean partaidetza bermatzeko hainbat elkarrizketa egin dira auzotarrekin, pauso hauek ezinbestekoak baitira ez Txomin, Loiola eta Martutenerentzat bakarrik, hiri osoarentzat baizik”.
Txominen egingo dituzten etxebizitza berriak eraikitzeko ingurua egokitzen hasi dira. Martuteneko kartzela ondoko Aintzieta Berri baserria izan da bota duten lehena. Luzea da, ordea, eraitsi beharreko eraikinen zerrenda, eta hilabete honetan lan horretan jardungo dutela jakinarazi du udalak.
Aita Abarzuzako eraikinak ere noiz botako zain daude. Hutsik dago ingurua, bertako hogeita sei familia Morlans pasealekuko 11 eta 29 zenbakien artean bizi baitira orain. Udalak hartu zuen bere gain alokairuaren ordainketa, bizilagunek eraikiko dituzten etxebizitza berrietara bueltatzeko aukera duten arte.