Igeldoren herri izaeraren aldarrikapen bat. (Argazkia: Itxas Aurre)
Gipuzkoako Foru Aldundiak Igeldoko herritarren iritzia jasotzeko prozesu bat jarri du abian. Urte bukaeran amaituko da prozesua, desanexioari buruzko galdeketa batekin, eta Foru gobernuaren kontseiluak kontuan izango du herri kontsultaren emaitza, Igeldo Donostiatik bereizteko eskaria onestea ala ezestea erabakiko duen foru dekretua onartzerakoan.
Arantza Ruiz de Larrinaga Hiri Partaidetzako zuzendariak adierazi duenez, “herritarren eskaera bati erantzunez eta igeldotarrek beren etorkizunaz erabaki dezaten hartu dugu erabakia”.
Prozesuaren lehen fasean hainbat azterketa egingo dituzte: orain arte egindako jardueren azterketa bat, zabalkunde jardueren diseinua eta planifikazioa, lan taldeen osaketa, koordinazioa, informazioa eta herritarrekin egingo den eztabaida. Prozesu hori hurrengo hilabeteetan zehar diseinatuko du Herritarren Partaidetzako zuzendaritzak, Igeldoko Kontseiluarekin batera. Auzotarrekin, berriz, irailetik aurrera hasiko dira lana, eta herri galdeketa batekin amaituko da prozesua, urtea amaitu baino lehen.
Urte luzetako eskaera
Aspaldi hasi ziren Igeldoko bizilagunak beren herri izaera aldarrikatu eta Donostiatik bereiztea eskatzen.
1995ean Itxas Aurre batzorde sustatzaileak Donostiako udalari administrazio espediente bat zabaltzeko eskatu zion Igeldo bereizteko eta hartara beste udalerri bat eratzeko. Prozesu luze baten ondoren, Diputatuen Kontseiluak, 2010eko martxoaren 16ko 6/2010 Foru Dekretuaren bitartez, ezetsi egin zuen banaketa eskaera eta, Itxas Aurre batzordeak ezezko ebazpen hori errekurritu egin zuen Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko auzietako aretoaren aurrean.
Hala ere, hiru auzilariek eskatuta –Aldundia, udala eta Itxas Aurre– eta kontuan hartuta urte asko eman dituztela harremanetan gai hau konpondu nahian, dagokion auzitegiak erabaki zuen, 2012ko uztailaren 16ko autoaren bidez, etenda uztea autoen izapidetza hirurogei egunez, eta, ondoren, 2012ko abenduaren 3ko autoaren bidez, behin behinekoz artxibatzea erabaki zuen, alderdietako batek auzia berriro hasteko eskatu bitartean edo instantzia iraungi bitartean.
Testuinguru horretan, Itxas Aurreko lehendakariak ofizialki eskatu zuen, 2013ko ekainaren 3an, Aldundiak 6/2010 Foru Dekretua indarrik gabe uzteko eta Igeldo bereizteko espedientearen tramitazioa berriro abiarazteko.