Norteko tren geltokiko eraikinak botatzen. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Autobus geltoki berria eraikitzeko tren geltokiko eraikinak botzen hasi dira.
Ondare historikoaren babeserako elkarteko kideak haserre daude Norteko tren geltokiko eraikinak botatzen hasi direlako. Inguru guztiaren balio historiko eta arkitektonikoa azpimarratu dute, “hiriaren nortasunaren irudi” direla azpimarratuz. Rafael Garcia Velilla, Ondarearen defentsarako elkarteko lehendakariaren arabera, “onartezina da lekua irabazteko aitzakiarekin halako balioa duten eraikinak botatzea; azken urteetako hankasartzerik handiena dela uste dugu”.
Bestalde, 2010eko Lurralde Antolamendurako planak hainbat eraikinen babes maila “arrazoirik gabe” jeitsi duela ere salatu du elkarteak. Plan horren arabera, Norteko geltokia lehen mailatik bigarren mailara jeitsi da, baina hala ere, “legez ez dago eraikin hauek botatzerik” adierazi du Garcia-Velilla.
Rafael Garcia Velilla eta Dionisio Villar. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Maria Kristina zubia, Tabakalera eta Norteko tren geltokiak, “xarma eta izaera berezia” ematen dietela hiriari adierazi dute elkarteko kideek. Dionisio Villar, historialariaren arabera, “estilo paristarra du inguruak, ikutu dotorea ematen diona hiriari, eta Europako kulturarekin lotzen duena Donostia, baina agintariek kupidarik gabe hondatu nahi dute hiriko ondarea”.
Geltokiko arkupea
Geltokiko eraikinak botatzen hasi izanak haserrea piztu du Ondare historikoaren babeserako elkarteko kideen artean. “Arkupeari ematen zaio garrantziarik handiena, baina guztia osotasun bat da, puzle beraren piezak dira guztiak eta bat bera suntsitzeak ez du zentzurik”, adierazi du Garcia Velillak. Horregatik, “lanak gelditzea eta botatakoa berriro eraikitzea” eskatu dute. Sarrerako arkupearekin zer gertatuko den ez dakitela adierazi dute, eta ezta geltoki barnealdean dagoen markesinarekin ere. “Eiffel ingeniari frantsesak egindako burnizko markesina da; gutxi dira horrelakoak Espainian”, adierazi du Garcia Velillak.
Norteko geltokiko lanak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Bestalde, kritika gogorra egin dio elkarteak udal gobernuari. “Europako kultur hiriburutzarako lanean ari direla dioten bitartean gure hiriaren nortasunaren ikurrak botatzen dituzte; ondare historikoarekiko errespetua eskatzen dugu”, esan dute.