Trinitate plazaren balioa goraipatu dute, Arkitekturaren nazioarteko egunean
DOCOMOMO saria jaso du Luis Peña Gantxegiren lanak, eta hori ziurtatzen duen plaka bat jarri dute, aurreko astean Añorgako frontoian egin zuten moduan.
Parte Zaharreko Trinitate plazak izendapen garrantzitsua jaso du gaurkoan, DOCOMOMO saria eskuratu baitu. Hala, Iberiar Penintsulako arkitektura modernoaren ondare izendatu dute plaza, nazioarteko aitzatespena jasoz. Irailean bertan 50 urte bete zituen Trinitate plazak, eta zer hobe urteurrena ospatzeko, bere balioa goraipatzea baino. Luis Peña Gantxegi arkitektoak diseinatu zuen Trinitate plaza, eta bere lehen obra garrantzitsuetako bat izan zen. Gauzak hala, erakundeetako hainbat ordezkarik bat egin dute gaur, Trinitate plazan, Arkitekturaren nazioarteko egunarekin bat eginez, eta DOCOMOMO sariari dagokion plaka jarri dute plazaren sarreran. Joan den astean, Eduardo Torrojak diseinatu zituen Añorgako frontoiak eta bolatokiak jaso zuten sari bera; eta bertan ere plaka bat jarri zuten.
“Elementuak errespetatuz, plaza-frontoi modernoa eraiki zuen. Parte Zaharra eta Donostia ere ezin dira ulertu Trinitate plazarik gabe. Xarma berezia du, Donostiaren bihotzean baitago, eta leku bizia da, Urgullen babesean”, aipatu du Juan Karlos Izagirre alkateak Peña Gantxegiren lanaz. Gainera, erabiltzaile asko dituen plaza dela gogorarazi du alkateak. “Pertsona asko bildu izan ditu plaza honek, eta badu bere euskal nortasuna, modernotasuna eta tradizioa nahastuz”, gehitu du Izagirrek.
Hiriaren zabalkundea ahalbidetzeko asmoz, 1863an Donostia inguratzen zuten harresiak bota zituzten. Hala, ehun urte beranduago, 1963ko irailean, harresien eraistea ospatzeko, Trinitate plaza berritua inauguratu zuten. Euskal Jaietan murgildua zegoen hiria, eta txalaparta doinuak nagusitu ziren trinitate plazan; beraz, gaurkoan ere, 50 urte beranduago, txalapartariek hartu dute plaza. Azken batean, plazaren 50. urteurrena ospatzeko, duela urtebete eskas sortutako Peña Gantxegi Artxiboa eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala elkarlanean aritu dira, Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoarekin eta Donostiako Udalaren laguntzarekin. Hala, erakusketa berezi bat ere zabaldu dute plazan bertan, Trinitate plaza denboran zehar izenburupean, eta azaroaren 11 arte egongo da ikusgai. Gainera, bihar, asteartea, 19:00etan, Iñaki Uriarte arkitektoak El agora vasca: La plaza fronton hitzaldia eskainiko du, San Telmo Museoko ekitaldi aretoan.
Urteen poderioz, hainbat aldaketa izan ditu plazak; herri kiroletarako erabiltzen zen proba-lekua, esaterako, kirol anitzetarako kantxa bihurtu zuten, eta plazara ematen duen San Telmoko horma ere berritua izan da. Batzuk ados daude plazak izandako aldaketa batzuekin, baina gehiago nahi dituzte, frontoia estaltzea esaterako, beste batzuk, ordea, ez daude ados, eta atzera egin nahiko lukete.
Espazio publikoen sortzailea
Urgullen azpian, eta Santa Maria eta San Telmo elizen artean zegoen hutsunea bete zuen Peña Gantxegik (Oñati, 1926-Donostia, 2009), espazio publiko bihurtuz, 1963an. Izan ere, 1890ean, Jesuiten ikastetxe zaharra eraikitsi zutenean, espazio hori hutsik geratu zen. Aurrerago, pilotalekua eta bolatokia gehitu zizkioten, baina Peña Gantxegik guztia birmoldatu zuen. Hala, frontoiaren alboko eta atzeko hormen altuera murriztu zituen, Santa Maria ikusi ahal izateko, eta frontoiaren ondoan proba-leku bat jarri zuen, harmailez inguratuta. Gainera, aurrekontua eskasa zenez, kaleak asfaltatzeko erabilitako harriak erabili behar izan zituzten harmailak egiteko. Trinitate plaza izan zen Peña Gantxegik diseinatutako lehen espazio publikoa, baina ez azkena, hortik aurrera gehiago sortu zituen eta. Eduardo Txillida eskultoreak asko miresten zuen Peña Gantxegiren lana, eta elkarlanean aritu ziren 15 urte geroago. Hala, arkitektoak Ondarretako Teniseko plaza egin zuen, hau da, Txillidaren Haizearen Orrazia sorkuntzako atariko lana. Horri esker, Peña Gantxegi ezaguna egin zen. Espazio publikoak diseinatzeaz gain, etxebizitza multzoak, ekipamendu publikoak eta industriarako eraikinak moduko lanengatik nabarmendu zen. Hala, modernotasuna eta tradizioa uztartzeko zuen trebeziagatik egin zen ezaguna.