Laboral Kutxak Olga Alberdi abal emailearen eskaerari hurrengo astean erantzungo dio
Stop Kaleratzeak plataforma eta auzoko bizilagunak Larratxo kaleko 24. zenbakian dagoen Laboral Kutxaren bulego aurrean elkartu dira, Olgaren egoera salatzeko. Banketxeak hurrengo astean erantzun bat emango diola esan du.
Stop Kaleratzeak plataformak deituta, herritar ugari elkartu dira gaur goizean Larratxo kaleko Laboral Kutxan. Banketxeak Olga larratxotarrarekiko duen mespresuzko jarrera publikoki salatu dute. Olgak 2003. urtean bere koinatuari abala eman zion eta orain bere senideak maileguari aurre egin ezin dionez, Olga bere etxea galtzeko arriskuan dago. Duela lau hilabete bere abal emaile izaeraz eta 39.000 euroko zorraz aske geratu zedin eskatu zion banketxeari, baina ez du erantzunik jaso.
Horregatik, bere egoera azaldu eta bertaratu diren guztiei eskerrak eman ondoren, Laboral Kutxaren bulegoan sartu dira bigarren idazki bat aurkezteko eta konponbide bat eskatzeko: “Ez dugu etsiko erabat bidezko eta zentzuzkoa den Olgaren eskaerari erantzuna eman arte”.
Laboral Kutxako bulego honetako zuzendariari idazkia Arrasaten dagoen zuzendaritzari lehenbailehen bidaltzea eskatu diote eta, itxaron behar izan arren, Olgak negoziazioak “bide onetik” doazela eta hurrengo astean erantzun bat emango diotela adierazi du.
[Gallery=109]