Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetarako txartela lortu du Beñat Gaztelumendik
Bertsolari Txapelketa Nagusiko laugarren kanporaketa egin dute gaur Altsasun, eta bertan Beñat Gaztelumendi añorgatarra izan da, beste bost bertsolari hauekin: Erika Lagoma, Jexux Mari Irazu, Oihane Perea, Unai Agirre eta Xabier Silveira. Gaztelumendi bikain aritu da, batez ere kartzelako ariketan. Lehen postua lortu du donostiarrak eta, horrenbestez, finalaurrekoetarako sailkatu da zuzenean. Horrela geratu da Altsasuko saioaren sailkapena: Beñat Gaztelumendi, 695,5 puntu; Jexux Mari Irazu, 666,5; Xabier Silveira, 652,5; Unai Agirre, 650,5; Erika Lagoma, 622,5; eta Oihane Perea, 602. Puntuazio altua izan da; horregatik, Gaztelumendi ez ezik, bere atzetik sailkatutako beste hiru bertsolariek ere aukera handiak dituzte finalaurrekoetarako sailkatzeko.
Orain arteko hiru kanporaketetan bertsolariek egindako lan bera osatu dute: binaka, zortziko handian, hiruna bertso; binaka, zortziko txikian, hiruna bertso; bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian, hiruna bertso; binaka, hamarreko txikian, hiruna bertso; eta bakarka, kartzelan emandako gaiarekin, hiruna bertso neurri eta doinu librean.
Unai Agirrerekin abestu ditu Gaztelumendik lehen bertsoak. Kreditu txartela galduta salaketa jarri duten bikotea bilakatu dira Gaztelumendi eta Agirre, eta gaur jakin dute alabak lapurtu diela. “Alabak bere txanponen faltaz / inoiz ez du egin hitzik / ni lapurtzeak e’ nau kezkatzen / eskatu ez izanak baizik”, ekin dio Gaztelumendik. “Berak hautatu duen bidea / degu bidetan estuna / amodioak ematen baitu / diruak lortzen ez duna”, jarraitu du. “16 urte ta familia / ezin da utzi atzean / lasai berriro bueltatuko da / kreditua bukatzean”, bukatu du.
Geroago, Jexux Mari Irazurekin abestu ditu bertsoak añorgatarrak: Irazuk eta Gaztelumendik negozioa zuten. Gaztelumendi duela gutxi jubilatu bazen ere, egunero azaltzen zaio lantokian Irazuri. “Etorri gabe ezin / al zara lasaitu / edo eta andreak / bialtzen al zaitu?”, hasi du Irazuk. “Jubilatu naiz, baina / erretiratu, ez”, azaldu dio Gaztelumendik. “Lehengoko serbizio / berbera daukazu / lehen lana nahiko gutxi / orain enbarazu”, erantzun dio Irazuk. “Kotxe konpontzeko zen / tailer on samarra / ta orain berak dauka / konpondu beharra “, jarraitu du Gaztelumendik. “Segi zazu lanera / intentzio handiz / bihar goizean hemen / izango naiz berriz”, bukatu du donostiarrak.
Hiru puntu emanda kantatu du ondoren, bakarka kasu honetan. Umorea eta barrea izan ditu hizpide, eta pozik egoteko arrazoiak izan ditu Gaztelumendik, bertso onak bota baititu. “Umoretik aspaldi nahiko pobre gaude” puntuari, esaterako, “beltzez jantzi zara eta ez da nobedade/ txapelketan gaude irri egin gabe/ gaur zerbait lortu nahiko genuke hala ere”, erantzun dio dotore.
Hamarreko txikian, Xabier Silveirarekin kantatu du Gaztelumendik: Silveira unibertsitateko irakaslea da. Gaztelumendi ikasle onenak esan dio bekarik ez duela jasoko eta ikasketak utzi beharko dituela. Wert legea aipatu du Silveirak, baina añorgatarrak irakasleari pasa dio ardura. “Ikasteko e’ neukan / borondate gutxi / diru kontua zela / segi edo utzi / klasean ez zenidan / hori erakutsi”, esan du Gaztelumendik. “Matematikan ditut / bi urte igaro / formulak ikasteko / nenbilen oparo / baina ekuazio hontan / ni sobera nago”, kantatu du bigarren bertsoan donostiarrak. “Sobran sentitzen zara / sobran baitzaude zu / ta martxa hontan sobran / jarraituko duzu”, erantzun dio Silveirak. “Ipurterre itxuran / zabiltza beti zu / baina geroa heztea / zuri dagokizu”, bukatu du Gaztelumendik.
Kartzelako gaia etorri da saioaren amaieran, eta ariketa horretan erabaki da kanporaketa. “Gaia ateratzen duzun bakoitzean, gaiz aldatzen du”. Horixe izan da kartzelako gaia, eta añorgatarra bikain aritu da, bai gaia aukeratzeko garaian, baita bertsoetan elkarrizketak eraikitzeko orduan ere. Gainera, bere saioetan ohikoa den moduan, oso tarte gutxi behar izan du bertso bat bukatu eta bestearekin hasteko. Hiru bertso hauek egituratu ditu, bikote baten erlazioa ardatz:
“Mahaiko ensalada degu / ordu erdiz ahoratu / egunean zehar pasa / zaigun dena gogoratu / lagunen mila istori / ta laneko mila datu / bi urteko harremanak / hori izaten baitu tratu. / Bere begi itzalitan / begiak ditut iltzatu / ta hala galdetu diot: / ’Zer pasatzen da? Kontatu…’. / Ezer pasa ez balitz gisa / halaxe du gaiz aldatu / baina zergatik ezin dit / begitara begiratu?”.
“Ezagutu ginenean / zenbat mimo? zenbat kasu? / Goizero jeikitzen ginen / elkarrekin irrifartsu / egunak enpalagoso: / ’Maite zaitut, maite nauzu’. / Baina urruntzen hasiak / ote gera pausuz pausu? / Gaur dena azaleko gai / ta elkarrizketa antzu / bai badakit ze o zerek / egin dizu enbarazu. / ’Zer duzu?’, galdetu eta / mutu geratu zera zu / ez didazu ezer esan / ta dena esan didazu”.
“Begi parea malkotan / dauka puztuta betea / ta kolpera lehertu zaio / esan ezinen nekea. / Masailan behera doazen / malko latzen atakea. / ’Ez nago ondo’, esan dit / ta baretu aldartea. / ’Zalantzak dauzkat, laztana; / ze nahi dezu esatea?’. / Nik hala erantzun diot: / ’Zabalik dago atea / behar den denbora dena / lasai hartzazu maitea; / zor didazun bakarra da / zoriontsu izatea.
Agurrean, Gaztelumendik Iruñeko herri harresia ekarri du gogora, baita epaiketa politikoengatik auzipetuak daudenak ere. “Justu hori da behar deguna / elkartasuna ta lana / laister Madrila zoaztenontzat / besarkada haundi bana”, adierazi du agurrean.
Altsasuko saioa amaituta, bi kanporaketa besterik ez dira falta finalaurrekoetara sailkatuko diren bertsolari guztien izenak ezagutzeko. Momentuz, Legazpin eta Oionen egingo dituzten saioen zain, zuzenean sailkatu dira Villabonan, Markinan, Hendaian eta, gaurkoan, Altsasun irabazi duten bertsolariak: Jon Martin, Agin Laburu, Julio Soto eta Beñat Gaztelumendi, hurrenez hurren.