29 urteko emakume bat hil da Behobia-Donostian, helmugatik bi kilometrora
Behobia-Donostiako antolatzaileek jakinarazitakoaren arabera, 29 urteko emakume nafar bat hil da herri lasterketaren ibilbideko azken zatian. Ez dira datu gehiago eman, baina Zizur Nagusiko korrikalariak bizia galdu du Grosen, helmugara bi kilometro besterik ez zirenean falta, bihotzekoak jota dirudienez.
Zoritxarrez, ez da lehenengo aldia halakorik gertatzen denik. Hain zuzen ere, 2010ean, 40 urteko korrikalari bizkaitar bat hil zen bihotzekoak jota, helmugatik kilometro batera. 23 urteko gazte irundar bat ere hil zen 2002an. Bihotzekoa eman zion helmugatik gertu, eta handik bi egunera hil zen Donostia Ospitalean.