Smart Kalea egitasmoaren aurkezpena. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Energia aurreztea eta isuritako CO2 kopurua jeistea dira Smart Kalea egitasmoaren helburuak.
Sustapenak bultzaturiko egitasmoa da Smart Kalea, eta hasiera batean Donostiako 23 saltokik hartu dute parte. Kale Nagusia energia kontsumoaren ispilu bihurtuko dute, aurrerapen teknologikoen bitartez. Izan ere, proiektu honekin bat egiten duten denda, taberna eta jatetxeetan energia neurgailuak jarriko dituzte agerian. Horrela, datuak aztertu eta aurrezteko neurriak hartzeko aukera izango dute, eta era berean gainerako herritarrak ere kontsumo eta ohitura jasangarriak garatzeko bidean kontzientziatuko dituzte.
Euken Sese, Sustapeneko zuzendariaren esanetan, egitasmo pilotua den arren, beste herrialde batzuetan garatua dago, eta erreferentzia horiei jarraituz hasi dira lanean.
Lehen fasean, saltokietan energia neurtzeko aparatuak jarriko ditu UHIN, Energia eta Ingurumen enpresak, energiaren eraginkortasunerako proiektu teknologikoetan aditua denak. Era berean, egitasmoaren berri emateko
Gure eko-konpromisoa Nagusia da izeneko kanpaina jarriko dute abian. Horrela, Smart diren saltoki eta guneak ezagutzeko ikurrak banatuko dituzte, eta energia datuak erakusten dituen aparailua ere agerian jarriko dute. Kalean bertan ere, Kale Nagusi osoko energia kontsumo orokorra erakusten duen neurgailua jarriko dute.
Bestalde, Kale Nagusiko bizilagunek ere parte hartzea nahi dutenez, balkoietan jartzeko banderatxoak oparituko dizkiete. “Donostiako Kale Nagusia, Ekokale Nagusia bihurtu nahi dugu”, esan du Josu Ruiz, Garapen ekonomikoko zinegotziak.
Ostalari eta merkatariak pozik
Smart Kalea egitasmoan parte hartu duten ostalari eta merkatariak pozik daude merkataritzari bultzada emateko neurriak beharrezkoak direla uste baitute. “Edozein keinu da baliagarria, eta kasu honetan, Kale Nagusiko ostalari eta merkatari gehienak egitasmo bakarraren inguruan elkartu izana bera ere oso positiboa da, eta ingurumena eta jasangarritasunaren aldeko lanean parte hartzeko bada, hainbat hobe”, esan du Ion Estala, Noventa Grados dendako komunikazio arduradunak.
Saltokien energia kontsumoa aztertzeak kontsumo hori jeisten lagun dezake neurri zehatzak hartuta: kontratatutako argindarra egokituz, kontsumo ohitura batzuk saihestuz, egoera txarrean dauden makinak ordezkatuz edo alferrik piztuta egoten diren argiak itzaliz, adibidez. Oraindik kontzientziazio eta informazio fasean dago egitasmoa, baina ehuneko 10 edo 15a aurreztu ahal izango dutela uste dute.
Bestalde, egitasmo honen bidez, ‘Eko’ izateak duen erakargarritasunak ere hiriko ekonomiari laguntzea espero dute. Gaiari buruzko informazio guztia webgune batean bildu dute:
Smartkalea.com.