Imanol Urbietaren omenezko disko bat kaleratu dute
Musikari zarauztarraren 13 abesti bertsionatu dituzte hainbat euskal musikarik eta ‘Imanol Urbieta, bakarrik eta libre’ lana osatu dute. Xirula Mirularen sortzailea izan zen Urbieta, eta ‘Ran Roberran’ eta ‘Jon Braun’ moduko kanta ezagunak bereak dira.
Nork ez ditu Ran Roberran, Jon Braun, Astoa ikusi nuen eta Txiki, txiki, txikia abestiak ezagutzen? Bat baino gehiagori haurtzaroko oroitzapenak ekarriko dizkiete abesti horiek, eta guztiek ere sortzaile bera dute, Imanol Urbieta (Zarautz, 1934). Bere abestiek bizirik diraute, eta egindako lan oparoagatik Zarauzko Udalak omenaldi bat eskaini nahi izan dio. Hala, Zarauzko Udalak Mikel Kazalis herritarrari eskaera egin zion Urbietaren omenez disko bat egin zezan, eta ongi baino hobeto bete du enkargua. Eñaut Elorrieta, Petti, Aiora Renteria, Joseba Irazoki eta Fermin Muguruza arduratu dira, besteren artean, diskorako abestiak bertsionatzeaz. Hau da, musikari edo talde bakoitzak Urbietaren abesti ezagun bat aukeratu du, eta bertsio berri bat osatu du. Guztira, 14 abestik osatzen dute Imanol Urbieta, bakarrik eta libre diskoa, horietako 13 aipatutako bertsioak dira, eta azkena, berriz, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek musikariari eskainitako abesti bat, Andoni Egañaren bertso batekin. Abesti horietako 11 Kazalisek ekoiztu ditu.
Bereziki, haurrentzat zuzenduriko musika egin sortu du bere ibilbide guztian Imanol Urbietak, baina Kalera Kalera abestiaren musika ere, esaterako, berea da. Gasteiz, Donostia, Burdeos, Budapest eta Estrasburgon musika ikasketak burutu zituen Urbietak. Gainera, Donostiarekin lotura zuzena izan du, Xirula Mirula musika eskolaren sortzailea izan baitzen, eta haurrentzako hainbat eskola eman zituen hirian.
Gari Berasaluze Zarauzko Udaleko Kultura zinegotziaren esanetan, “14 omenaldi txiki” dira diskoa osatzen dutenak. Gainera, Berasaluze ziur dago hiru belaunaldientzako disko egokia izango dela. “Belaunaldi desberdinak elkartzen ditu diskoak; 60ko hamarkadan haurrak ziren haiek, gu eta egungo haurrak. Hiru belaunaldik gustura entzungo duten diskoa dela uste dut”, aipatu du Berasaluzek. Diskoaren azala, Jose Luis Zumetak osatu du, eta musikarien artean parte hartu nahiko luketen gehiago dauden arren, aukeraketa egin behar izan dutela onartu dute, abestiekin egin bezala. Mikel Kazalisek azaldu duenez, diskoko abesti askok zerikusi gutxi dute jatorrizko abestiarekin. “Bakoitzak nahi zuen abestia aukeratu du, eta berea egin du. Abesti bakoitzaren estiloak ez du zer ikusirik gainontzekoekin, baina guztiak lotzen dituen haria da Imanolenak direla”, azaldu du Kazalisek.
Urbietak jada entzun omen du diskoa, eta hasieran bertsio batzuekin seko harrituta geratu zen arren, geroz eta gehiagotan entzun orduan eta gusturago geratzen ari dela azaldu dute.
Imanol Urbieta, bakarrik eta libre diskoko abestiak:
- Bakarrik eta libre. Eñaut Elorrieta
- Uztaiak gora (Ran Roberran). Petti
- Txiki, txiki, txikia. Split 77 + Aiora Renteria
- Astoa ikusi nuen. Joseba Irazoki
- Behin betiko. Pariak bai
- Haizearen herrira. Su ta Gar
- Gitarra bat. Anari eta Ningininginiak
- Kalera, kalera. Fermin Muguruza
- Mac Mikel. Mursego
- Kalaberak. Matxura
- Txoria nintzela. Lou topet
- 18 Serobe. Audience
- Jon Braun. Makala jazz funk band
- Manolo. Pirritx, Porrotx eta Marimotots + Andoni Egaña