"Donostiak Txillardegiri mota honetako aitortza zor diola uste dugu"
http://youtu.be/YzZ0v1vlsOE
Euskararen Egunaren atarian, hainbat kultur eragile bildu dira Liburutegi Nagusia Txillardegi Liburutegia izendatzeko eskaerarekin bat datozela adierazteko eta abian jarri duten atxikimendu kanpainaren berri emateko.
Urriaren 10ean Donostiako hamazazpi idazlek Udal Liburutegi Nagusia Txillardegi Liburutegia izendatzeko eskatu zioten Donostiako Udalari eta gaur beste hainbat kultur eragile bildu dira eskaera babesten dutela adierazteko. “Donostiak Txillardegiri mota honetako aitortza zor diola uste dugu, euskalgintzaren eremuan egindako ekarpenagatik”, azaldu du Ramon Agirre idazle eta aktoreak.
Eskaera azaroan tratatzekoa zen, baina Fito Rodriguez idazleak esan duenez, “Udalak hilabete honetan aztertuko omen du eta badirudi Kultura Kontseilua izango dela horren arduraduna”.
Honezkero, 250 atxikimendu lortu dituzte, tartean Anjel Alkain, Joseba Garaialde eta Mireia Gabilondo aurki daitezke. Hala ere, atxikimendua azaldu nahi duen edonork parte har dezakeela azpimarratu dute eta eskaerarekin bat egiteko deia zabaldu dute.
Bestalde, Donostiak Txillardegiren literaturan duen garrantzia gogora ekarri dute: Haizeaz bestaldetik (1979), Puztu (1999) eta bi tokiri buruz argitaratu zituen azterketak, Antigua 1900 (1991) eta Santa Klara, gure uharte ezezaguna (2004).