Xabier Olarra itzultzaileak jasoko du Dabilen Elea saria Euskal Liburuaren Gauean
Ekitaldia bihar (osteguna) izango da Viktoria Eugenia Antzokiko klub aretoan.
Shakespeare-en soneto batzuk kantatu eta errezitatuko dituzte, Mikel Laboa katedraren proiektu baten aurrerapen gisa.
Xabier Olarrak, Igela argitaletxearen sortzaileetako batek, jasoko du Dabilen Elea saria, 1983tik hona euskal liburugintzaren alde egindako lanagatik. Euskal Editoreen Elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak eta Galtzagorri haur eta gazte literaturaren elkarteak urtero eman ohi duten saria da.
Euskal Liburuaren Gaua ekitaldiaren barruan jasoko du Olarrak saria, ostegunean, Viktoria Eugenia Antzokiko klub aretoan. Idoia Noble itzultzaileak gidatuko du Euskal Liburuaren Gaua, Joxean Goikoetxea musikariaren laguntzaz.
William Shakespeare idazleak ere protagonismo handia izango du ekitaldian, hainbat kantari, musikari eta idazlek haren soneto batzuk emango baitituzte, errezitatuta zein kantuz, Juan Garzia Garmendiak egindako itzulpenak baliatuta. William Shakespeareren Soneto hautatuak Juan Garziak itzul-antolatuak liburua argitaratu zuen Alberdania argitaletxeak 1995ean.
EHUko Mikel Laboa Katedra itzulpen horien edizio osatu eta hobetua prestatzen ari da orain, Joxean Goikoetxearen musikaz hornitua eta disko-liburu formatuan, eta Koldobika Jauregiren ilustrazioekin . Juan Kruz Igerabide EHUko Mikel Laboa Katedrako zuzendariak azaldu zuen proiektu honen aurrerapen moduko bat izango dela ostegunekoa. Euskal kulturaren munduko ehundik gora lagunek —haietako bakoitzak soneto bana errezitatuz— osatutako grabazioa entzuteko aukera ere eskainiko du disko-liburuak. EHUko Mikel Laboa Katedraren laguntza ez ezik, DSS2016 Fundazioarena ere izan dute
Olarrak hainbat eta hainbat lan euskaratu ditu: Antropologo bat Marten (Oliver Sacks); Postariak bi aldiz deitzen du beti eta Iruzurgilea (James M. Cain); Azken hitzordua (Sandor Marai) eta Deabruaren Hiztegia (Ambrose Bierce), besteak beste. Raymond Queneauren Estilo-ariketak liburuaren itzulpenari esker jaso zuen 2006an Euskadi Saria, eta 2012an ere sari bera jaso zuen, Arantzazu Royorekin batera, Alaa Al Aswaniren Jakobian eraikina lanaren itzulpenagatik. 1988an sortu zuen Igela argitaletxea Joseba Urteaga eta Jose Manuel Gonzalezekin batera.
[box]Non: Viktoria Eugenia Antzokiko klub aretoan.
Noiz: Osteguna, abenduak 19.
Sarrera: Doan. Gonbidapena eskuratu behar da leihatilan bertan, 17:00etatik aurrera.[/box]