Helegitea jarriko diote Igeldoren desanexioari
Oposizioko hiru alderdien aldeko botoarekin hartu dute erabakia; udal gobernuak kontrako botoa eman du.
Zerbitzu Orokorretako Batzordeak Igeldori herri izaera onartzen dion Foru Dekretuaren aurkako helegitea abian jartzea onartu du. Hala erabaki zuten pasa den abenduaren 27an egin zuten ez-ohiko osoko bilkuran, eta gaur berretsi dute erabakia. Gainera, Igeldoren gaia auzitan dagoen bitartean, Foru Dekretuaren kautelazko etetea eskatzea ere onartu dute.
Izan ere, oposizioaren izenean Ernesto Gasco, PSE-EEko bozeramaileak adierazi duenez, egoera “jasanezina” da. “Igeldo herria omen da, baina Donostiak eskaintzen dizkio zerbitzu guztiak; zer gertatuko litzateke Trintxerpekoa bezalako sute bat gertatuko balitz?”, esan du Gascok, egoera “ulertezina” dela eta “berehalako neurriak” hartu behar direla gaineratuz. Foru Dekretua lehenbailehen bertan behera utzi eta epaitegiek erabaki bat hartzen duten bitartean akordio politikoak lortzeko garaia dela azpimarratu du Gascok.
Aitziber San Roman jeltzaleak, egungo egoera ez dela beraiek desio zutena azaldu du, eta epaitegietara joan aurretik Igeldoko bizilagunentzat eta gainerako donostiar guztientzat egokiak izango liratekeen akordioetara heltzea espero zutela esan du, baina Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarreraren aurrean ez dutela beste biderik izan onartu du. “Igeldoren desanexioa, aldebakarreko erabakia izan da”, esan du San Romanek. Zentzu berean, udal gobernuaren “konplizitateaz” Bilduk hartutako erabakia izan dela salatu du Gascok, eta Udalari prozesuan parte hartzeko aukerarik ez zaiola eman leporatu dio Aldundiari. “Aldebakarrekoa eta juridikoki zalantza ugari dituen prozesua” delako erabaki du oposizioak Igeldoren desanexioa auzitara eramatea. Gainera, Donostiaren osotasuna eta donostiar guztien eskubideak defendatuko dituztela adierazi dute oposizioko alderdiek.
Zentzu horretan, Jose Luis Arrue PPko zinegotziak hitz gogorrak izan ditu udal gobernuko ordezkarientzako. Euren jarrera kritikatu du eta Igeldoko auzia epaitegietara eramateko erabakia onartzea eskatu die.
Udal Gobernuak irmo mantendu du bere jarrera, eta ezezko botoa eman du. Naiara Sampedro zinegotziak esan duenez, ez daude herritarrek hartutako erabaki bat epaitegietara eramatearen alde. “Herri galdeketa bat egin dute, igeldotarrek beren nahia adierazi dute, eta nahi hori errespetatu egin dute”, esan du Sampedrok. Dena dela, PP eta PSE-EEk behin eta berriz egindako eskaerari erantzunez, Juan Karlos Izagirrek ez duela bere kargua utziko eta donostiarren eskubideak defendatzen jarraituko dutela berretsi du Sampedrok.
Udaleko aholkulari juridiko baten lehen txostena ere izan dute hizpide gaurko batzordean. Oposizioko alderdien arabera, lehen azterketa bat bada ere, txosten horretan nahikoa arrazoi ageri dira Igeldoren desanexioa auzitara eramateko. Txosten horrekin batera Igeldo herri bihurtzeak eragiten dituen ondorio ekonomikoen datuak eta beste datu batzuk aztertu ondoren erabaki beharko dute Foru Dekretuaren kautelazko etetea nola eskatuko duten; ohiko prozedura administratibo baten bidez edo urgentziaz.