Eraikitako Hiri Ondarearen Plan Bereziari behin-betiko onarpena eman dio Gobernu Batzarrak

Igeldoko funikularrak A babes maila izango du. (Argazkia: Gari Otamendi)
Donostiako Udaleko Gobernu Batzarrak hasierako onarpena eman dio Eraikitako Hiri Ondarearen Plan Bereziari. Udalerrian behar-beharrezkoa da babestu beharreko hiri-ondarea babesteko irizpide berriak ezartzea bertako elementu bakoitzaren babes-maila zehaztuta; funtsezkoa da Donostiako hiri-ondarearen katalogoan sartu beharreko multzo, eraikin zein elementuak zerrendatuta eta definituta izatea, haien balio kulturala dela-eta (arkitektonikoa, ondarezkoa, eta abar) babestu beharrekoak direnak. Hain zuzen ere, esleitutako babes-mailak baldintzatzen du elementu horietan zer-nolako esku-hartzeak egin daitezkeen, dokumentuak multzo, eraikin eta elementu horien tratamendu-erregimena eta babesa finkatzen dituelako.
Plan Berezi hau prestatzeko eta izapidetzeko lanei 2009an eman zitzaien hasiera eta oraingo gobernuak gaiari heldu zion. Planari doikuntza garrantzitsuak egin zaizkio; batetik, aldi hartan aurkeztutako alegazioak aintzat hartu dituelako, eta, bestetik, 2009ko martxoan hasierako onarpena jaso zuen Plan Berezian luzatutako proposamenak ere jaso dituelako. Egungo exekutiboak berrabiarazi egin du Plana: babestu beharreko eraikinen eta elementuen 1.078 fitxa biltzen ditu, eta aldaketa nabarmenak ditu aurreko dokumentuarekiko. Planak dituen berritasunen artean, sei babes-maila ezarri dituela azpimarratu behar da; lau zituen aurrekoak. Oraingo honetan, fatxaden babesaz haraindikoa eskaintzen du proiektuak; hori horrela, hainbat barnealde, plaza eta multzo arautzen ditu, eraikinekin batera. Horrez gain, denborazko irizpideak ere jaso ditu, elementuak babestu beharrekoak diren edo ez zehazteari begira. Bestalde, Plan Bereziak bere esparrutik kanpo utzi du Alde Zaharrak eta Portuak osatutako multzoa, haren berezitasunean oinarrituta. Salbuespen bat xedatu du, hala ere: Eusko Jaurlaritzaren erabakiz babestu beharreko eraikin eta elementuek osatutako multzoa; Plan Bereziaren barruan jarraituko du. Eusko Jaurlaritzak Alde Zaharrari eta Portuari eman beharreko babesaren inguruan erabaki bat hartzeko zain dago Udalbatza, multzo hori birgaitzeko plan berezia haren arabera moldatzeko. Irizpideak Babestu beharreko eraikin eta elementuak identifikatzeko, ondoko irizpide orokor hauek hartzen dira kontuan: balio historikoa, korronte estilistiko baten adierazgarri izatea, balio arkitektonikoa, eraikuntza-balioa, homogeneotasuna, hiri-interesa eta inguruaren balioa. 1950etik aurrera egindako eraikin eta elementurik ez da babestuko, ez dutelako haien kulturazko/ondarezko interes hipotetikoa ebaluatu ahal izateko behar besteko denborazko perspektibarik. Parke, zabalgune, plaza, frontoi eta hiri-altzari zehatz batzuk babestu egingo dira; hain zuzen ere, haien historia, tipologia, diseinua edo egitura aintzat hartuta, aipaturiko balioetako baten jabe direlako, eta, beraz, babestu beharrekoak direlako. A, B, C, D, E eta F Gobernu Batzarrak onartutako dokumentuak sei babes-maila bereizten ditu: A, B, C, D, E eta F. A babes-mailan, Eusko Jaurlaritzaren edota Estatuko Administrazioaren erabakiz babestutako edota babestu beharreko multzoak, eraikinak eta elementuak daude. Igeldoko funikularrak eta parkeak, Linternaren Torreak barne, A babes-maila izango dute, esaterako. Gainerako mailak udalak arautzen ditu.