Josu Ruiz Garapen Ekonomikoko zinegotzi ordezkaria eta Euken Sese Donostia Sustapeneko zuzendaria, Donostiako Ekonomia Sustatzeko Planaren emaitzen aurkezpenean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Ekintzaileen kopuruak gora egin du, eta haien bidez 434 lanpostu sortu dira.
2013a urte gogorra izan da hiriarentzat, gogorrena beharbada krisia hasi zenetik, eta udaletik egoera latz honi aurre egiteko esfortzu berezia egin dutela adierazi dute Donostiako Sustapenak eta udal gobernuak. Gaur eguerdian Josu Ruiz Garapen Ekonomikoko zinegotzi ordezkariak eta Donostiako Sustapeneko zuzendari Euken Sesek hiriko Ekonomia Suspertzeko Planaren urteko balantzea aurkeztu dute, eta emaitzak “oso positiboak” izan direla plazaratu dute.
2013ko planaren emaitzetan zifra bat nagusitzen dela azpimarratu du Ruizek: 1.128 lanpostu sortu ditu. Ekintzaileei dagokien atalean ere oso baikor agertu da zinegotzi ordezkaria. Izan ere, 343 enpresa berri sortu dira, eta hauen bidez 434 enplegu sortu dira, 2012an baino 544 gehiago. “Sortutako enpleguaren %41 ekintzailetzarekin lotuta dago. Zifra hauek donostiarrek ekintzaile izateko duten gogoa islatzen dute”, jarraitu du Ruizek. Beste datu bat: emakume sustatzaileen kopuruak ere gora egin du 2013an, %42tik %48ra.
Ildo honetatik, Bankuak dirua irabazten ari direla, baina kreditua ez dela “inondik inora” azaltzen salatu du Ruizek, eta honen aurrean erakundeek proiektu bideragarriak bertan behera ez gelditzeko ahalegina egin behar dutela. Udalak, Sustapenetik enpresa horiek abian jartzeko tresnak eman dituztela esan du.
Plan honen bidez kolektibo eta auzo zehatz batzuetan bereziki bultzada handiagoa eman dutela azaldu du Ruizek. 30 urtetik beherako gazteak, 45 urtetik gorakoak, emakumeak, denbora luzean langabezian egon diren pertsonak… Guzti hauentzat 577 enplegu aukera sortu dituzte.
Hiriaren batezbesteko langabezia gainditzen duten auzoetan (Altza, Egia, Loiola, Martutene, 27 poligonoa eta Papin) izan dituzten emaitzak ere onak izan direla esan du. Bereziki enpresak sortu dira; auzo batzuetan enpresa berriak bikoiztu edo hirukoiztu egin baitira: Egia (28 enpresa berri sortu dira 2013an; iaz, 14), Intxaurrondo (28 enpresa eta 2012an 8), Altza (29, iaz bezala, ekintzailetzak gora egin baitzuen eta 28 enpresa sortu baitziren), Martutene (12 enpresa berri, 2012ko kopuruaren bikoitza) eta Loiola (9 enpresa berri 2013an, iaz baino 3 gehiago).
Bereziki kolektibo eta auzo hauetan inbertitu duela adierazi du, Donostia kohesionatu bat nahi dutelako, gizarte justuago bat lortzen duelako eta hiri osoaren ongizatean eta bizi kalitatean eragina duelako.
Euken Seseren arabera, gazteentzako onuragarriak diren bi programa ere arrakastsuak izan dira. 30 urtetik beherako gazteekin lotzen da sortutako lan aukeren %33a (nazioartekotzeko bekak eta talentu berritzailea programa).
2014ko plana prestatzen
Oraindik ez dago 2014ko planaren aurrekontua itxita. Otsaila erdialderako izango dute prest, baina handiagoa izango dela aurreratu du Ruizek. Berez, 2013ko plana urtebetekoa zen – iazko martxoan onartu zen-, baina 2014an jada plan berri batekin hastea erabaki dute. Izan ere, bederatzi hilabetean, plan honetarako aurrekontua -6,5 milioi euro- agortu egin da. Aurreikusitakoa baino gehiago eman behar izan dutela azaldu du Ruizek, bai ekintzaileentzako eta bai kontratazioak bultzatzeko. Gainera, bederatzi hilabetean urtebeteko helburuak bete dituztela nabarmendu du -1.085 enplegu sortu eta sustatzeko helburua zuen, besteak beste-. 1128 enplegu sortu dira, 2012an sortutako 978 lanposturen aurrean.