Donostiako Hondakinen Bilgunearen aurkezpena, Bretxan. (Argazkia: DHB)
Hainbat auzo elkarte eta hondakinen arloko zenbait eragile eta norbanakok osatu dute Donostiako Hondakinen Bilgunea. Gaur egin dute taldearen aurkezpena Bretxan. Hainbat hondakin sailkatu dituzte kalean eta euren proiektuaren berri eman diete herritarrei. Bilgunearen helburua Donostia zero zabor hiri bilakatzea da, hondakinen kudeaketa arduratsu eta integral baten aldeko apustua eginez.
Duela bi aste Donostiako Udalak auzo guztietarako edukiontzi marroiaren ezarpen egutegiaren aurkezpena egin zuen. Bilgunearen ustez ezinezkoa da borondatezko sistema baten bidez aurreikusitako %60ko birziklatze tasara iristea. Euren ustez, Amara, Gros eta Gipuzkoako beste hainbat herritan frogatu den moduan bilketa sistema honen bidez hondakinen erdia ere ez da sailkatzen. Hala ere, bilgunea osatzen duten herritar bakoitzak bere eremuan edo auzoan, ahalik eta emaitza onenak lortzeko ahaleginak egingo dituztela adierazi dute. Helburua %60ko balio hori gainditu eta Gipuzkoako hainbat herriren birziklatze tasa altuetara iristea izango delarik. Horretarako, hemendik aurrera neurri zuzentzaileak, alternatibak, aldaketak eta proposamenak egingo dituzte, eta neurri horiek gauzatzen lagundu.
Konposta
Bilgunearen arabera, atal garrantzitsuenetako bat hondakin organikoen konpostajea da. Donostia erdialdeak horretarako aukera handirik ez duela eskaintzen onartu dute, baina gainerako auzoek bai. Horregatik Añorga, Igeldo, Zubieta eta Bera Beran jarri zirenen ondoren, ahal den auzo guztietan eta behar diren guztiak jartzeko eskatu die udalari, euren ustez, “instalazio merkeak eta ia arazorik sortzen ez dutenak” direlako. Gainera, horrela materia organikoa hondakinen bilketa zirkuitutik aterako litzateke eta “hori onuragarria da bai udalarentzat eta baita herritarrentzat ere”.
Sailkatze froga bat
Hondakinak sailkatzea zein erraza izan daitekeen frogatzeko eta edukiontzi batean nolako hondakinak nahasten diren erakusteko edukiontzi bat irauli dute. Ondoren, birziklagarria dena eta errefusa dena bereiztu eta bakoitza zegokion edukiontzira bota dute.
Egin behar litzatekeenaren irudia izan da, baina euren ustez ezinezkoa da eurek egindako lana Donostiako hondakin guztiekin egitea; “ez dago sistemarik lan hau modu eraginkorrean egiteko, beraz, irtenbide bakarra bakoitzak bere etxean ez nahastea eta bananduta ateratzea da”, adierazi dute.
Azkenik, herritar guztien konpromisoa izanik, hondakinak nahastuta edo nahita gaizki berezita ateratzen dituztenekin udalak izango duen jarrera jakin nahi du taldeak.