XIX. mendeko ur biltegiak oso egoera onean daude. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Apirilean hasita hilero bisita gidatuak egingo dituzte donostiar guztiek Uliako parkea eta bertako ur-biltegiak ezagutzeko.
2007. urtea arte udal hazitegi gisa erabiltzen zen Uliako parkea. Hiriko landare eta lore guztiak bertan sortzen ziren. Gainera, hiriko lorategietan jasotzen ziren hostoak ere Uliara ekartzen ziren konposta egin eta hazitegiko ongarri gisa erabiltzeko. Orain Altzan dago udal hazitegia, baina Uliako parkean oraindik erabilgarri daude garai hartako azpiegitura eta tresnak.
Bestalde, XIX. mendeko ur-biltegiak ere parkean bertan daude. Lehen begiratuan sumatzen ez badira ere, garai batean donostiarren egarria ase zuten bi biltegi daude.
Aranzadik ur-biltegi hauen balioa jaso zuen txosten batean, baina orohar Uliako parkearen etorkizuna zalantzan dago. 2007. urtean hazitegi izateari utzi zion egunetik, Uliako auzo elkarteko kideek beste erabilera bat ematea posible dela sinetsita dihardute parkearen defentsan. Udalarena da eta berez hirigintza proiektua bat dago aurreikusia bertarako. Ur biltegiak errespetatuko lituzkete, euren balioa erakutsiz, uraren museoa eginez adibidez. Baina lorategian luxuzko etxebizitzak egingo lituzkete. Dena dela, krisi ekonomikoa dela eta, momentuz hirigintza proiektua geldirik dago.
Bitartean, Uliako auzo elkarteko kideek lorategia erabili egin nahi dute; Uliako lore-baratza egitasmoa aurkeztu diote udalari, parkean tailerrak egin, baratzeak landu, edo bestelako jarduerak egiteko espazioa aprobetxatuz. Leire Rodriguez uliatarrak egin du egitasmoa. Bere esanetan, “guztiek erabiltzeko moduan landu nahi dugu espazio hau; altxor bat da eta bere balioa aldarrikatzeaz gain, erabilera bat eman nahi diogu”.
Parkea bide batek zeharkatzen du, betidanik auzokoek Erdialdera jaisteko erabiltzen zuten bidea. Gaur egun ezin da erabili, parkea itxita egoten delako. Baina hori ere aldatu nahi dute auzo elkarteko kideek. Donostiar guztiei erakutsi nahi diote Ulian daukaten altxorra. Horregatik bisita gidatuak antolatu dituzte, Atari Kultur Arkitekonikoa taldearekin batera.
Gaur hiriko beste elkarteetako kideek ezagutu dute parkea; Lantxabe, Intxaurdi edo Morlans auzo elkarteetakoak, Seo hegaztiak behatzeko taldekoak, Cristina Enea fundaziokoak eta Eguzkikoak, besteak beste. Helburua, bakoitzak bere eremuan Uliako egoeraren berri ematea da, eta ahalik eta herritar gehienek hondare naturaltzak jotzen duten gunea ezagutzea. Auzo elkarteen arteko sare bat ere osatu nahi dute, gehientxuenen ustez, “auzo guztietan dago zer ikusia, zer erakutsia eta zer kontatua, beraz, guztien elkalana funtsezkoa da gure altxorrak erakusteko”. Gaurko saioa berezia izan da, baina apiriletik aurrera hilean behin bisita gidatuak egingo dituzte herritarrentzat. Horretarako beharrezkoa izango da Uliakoauzoelkartea@gmail.com helbidean izena ematea.
Oroitzapenen gordeleku
Leire Rodriguezek gidatu du bisitaren zati bat. Uliatar honentzako oso berezia da parkea, bere amona bertan jaio eta hazia delako. Bere birraitona arduratzen zen hazitegiaz. Lorategiko txoko guztiak ezagutzen ditu Rodriguezek, eta baita hainbat bitxikeria ere. Utzikeriaren arrastoak ageri dituen negutegia erakustean, adibidez, bertan Zinemaldirako palmondoak nola gordetzen zituzten kontatu die bisitariei, eta baita negutegiko tenperatura berotzeko oraindik agerian dagoen berogailua erakutsi ere.
Antton Larratxaun da Uliako lorategiko beste altxorra. Bertan bizi da, ur biltegietan lanean aritu da eta lan horretan ezagutu zituen aita eta aitona ere. Inork baino hobeki ezagutzen ditu Donostiako uren historia eta istorioak. Hortaz lurrazpiko ur-biltegiak erakustean Larratxaun ondoan izaten du Jonathan Chanca gidariak.
Bi ur-biltegi daude Ulian, Soroborda eta Buskando. Garai hartako udal arkitektuak eginak dira, Jose Goikoak. 2.400 metro koadroko azalera dute eta 8.900 metro kubikoko edukiera. Bisita gidatuetan bakarra erakusten dute, sarrera hobea duelako. Baina behin lurrazpira sartuta agerian geratzen da ezkutuko txoko hauetan denborak ez duela urraturik egin.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea