Irudian, Dantzaz konpainiako dantzariak suhiltzaileen egoitza zaharrean. Iazko otsailean dantzatu ziren bertan, espazioa Donostia 2016ren egoitza izateko moldatzen ari zirenean.
Igor Otxoak, Donostia 2016ko proiektuen arduradunak, kultur hiriburutzan zituen ardurak utzi ditu.
Hil honetan inauguratu behar zuten Kulturaren Hiriburuaren egoitza, suhiltzaileen egoitza zen. Aurreikuspenek, ordea, huts egin dute eta ekaina arte ez da prest egongo. Egoitzaren inaugurazioa ekainera atzeratu dute, eta programazioaren aurkezpena, martxora. 2016 Fundazioaren Patronatuko kideen agenda arazoek atzeratzera eraman dute. Apirilean hauteskunde aurreko garaia hasten denez, patronatuko kideek —Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuak osatzen dute— ezingo lukete era horretako ekitaldietan parte hartu. Kultur hiriburutzaren programazioari dagokionez, apirilean aurrerapen bat egingo dute eta ekainean haren oinarri nagusiak aurkeztuko dituzte.
Gainera, Igor Otxoak, Donostia 2016ko proiektuen arduradunak, kultur hiriburutzan zituen ardurak utzi ditu. Itziar Elizondo Donostia 2016ko komunikazio zuzendariak adierazi du Otxoak bere postua uztea espero zutela, Bernues bezala “aurreko egiturako” parte baitzen, Itziar Nogeras zuzendari nagusi gisa eta Guadalupe Etxebarria kultura zuzendari lanetan sartu aurreko zuzendaritza taldekoa. Elizondoren arabera, “proiektuak definitzeko garaian” parte hartu du Otxoak, “hiru buruko zuzendaritza batean”. Orain, berriz, proiektu horiek ezartzeko eta kudeatzeko garaia iritsi da, eta “beste profil” bateko jendea behar du kultur hiriburutzaren egitasmoak. Fernando Bernuesek zuzendari artistiko kargua utzi eta hiru hilabetera oan da Otxoa proiektutik.