Jon Albizu, Gizarte Ongizateko zinegotzia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Gaur aurkeztu du Jon Albizu Gizarte Ongizateko Zinegotziak kalamu elkarteak arautuko dituen ordenantza. Bi helburu nagusi izango ditu: menpekotasunek sortzen dituzten arriskuak gutxitzea eta kontsumitzaile nahiz kontsumitzaile ez diren herritarren eskubideak bermatzea. Udalaren 2013-2015 Menpekotasun planaren baitan dago araudi berria. Albizuren esanetan, “kalamuaren kontsumoa eta erabilera errealitate bat dira. Guk ez dugu kalamuaren promoziorik egin nahi, prebentziorako eta erregulaziorako neurriak zehaztu baizik. Arazoa ez du produktuak berak sortzen, ematen zaion erabilerak baizik”.
Albizuren arabera, kalamuaren araudiak baditu hutsune batzuk, produkzioa arautzea, adibidez, Eusko Jaurlaritzari dagokio. Udalak ez du eskumen handirik, baina kalamu elkarteak arautzeko bidea ireki dute. Bestalde, elkarteak eurak izango dira barne arauak zehaztuko dituztenak.
Kalamu elkarteak
Udal gobernuak bildutako datuen arabera, 21 kalamu elkarte daude hirian eta 2.000 erabiltzaile. Albizuren arabera, elkarte hauek irabazi asmorik gabeko elkarteak dira, bazkideen autokontsumorako kanabisa erosi eta banatzen dutenak eremu pribatuan. Gainera, zinegotziaren ustez, salerosketa klandestinoari eta zenbait erabilerari lotutako kalteak eta arriskuak murrizten nahiz kontsumitzaileen eskubideak bermatzen lan handia egiten dute kalamu elkarteek.
Hainbat kontsumitzaile elkartek eskatua eta lortua dute beren egoitza edo elkargunea irekitzeko lizentzia. Baina orain arte kalamu elkarteek ez dute erregulaziorik izan. Albizuren esanetan, udal gobernuak emango duen pausoa aitzindaria izango da.
Hauek lirateke ordenantzaren arrazoi eta helburu nagusiak:
-Zigorren ordez bestelako oinarri batzuen gainean lan egingo dute: prebentzioa, heziketa, osasuna, ikerketa eta arriskuen gutxitzea, esaterako. Zentzu horretan, praktika onen kode edo gida bat sortzea ere aurreikusi dute.
-Elkarteen erregistroa osatuko dute.
-Kalamua kontsumitzeak arrisku taldeengan izan ditzakeen ondorio txarrak ekiditeko, ezingo dira lokalak zabaldu osasun etxe eta ikastetxeetatik 300 metro baino gutxiagora. Eta haien arteko distantzia ere gutxienez 500 metrokoa izan beharko da.
Ordenantzaren onarpena
Udal gobernuaren ordenantza proposamena onartzen bada, Euskal Herrian kalamu elkarteak arautzeko udal arautegi bat onartzen duen lehen hiria litzateke Donostia. Ostiralean onartuko dute proposamena tokiko gobernu batzordean, eta adostasun politikoa badago, apirilaren 24ko osoko bilkuran egingo lukete behin-behineko onarpena. Kalamu elkarteetako kideek bihar, asteazkena, egingo dute agerraldia udaletxean euren ikuspuntua emateko.