Kalamu elkarteentzat "oso positiboa eta egingarria" da udal gobernuaren ordenantza
kalamu elkarteen kokalekua eta jarduna arautzeko ordenantza proposamena. Gaur, berriz, Euskadiko Kalamu Erabiltzaile Elkarteen Federazioko kideek euren balorazioa egin dute. Iker Valen ustez, “kalamu elkarteen lana eta izatearen onarpen bat da, eta errealitate bat denez erregulatzeko aurrera pauso garrantzitsu bat da; ordenantza oso positiboa dela uste dugu, eta egingarria gainera”. Udal gobernuaren ahalegina txalotu dute, eta gainerako alderdien babesa ere lortzea espero dute.
Gainera, ordenantza urbanistiko bat izateaz gain apustu politiko bat ere badela adierazi du Valek, udal gobernuak Eusko Jaurlaritzari egindako keinu bat, “erregulaziorako bideak egon badaudela erakutsi du udal gobernuak, horretarako borondatea badago”.
Lehen kalamu elkarteak 2002an sortu ziren Donostian, eta sekula ez dutela arazo aipagarririk eragin adierazi du Aitor Brion, federazioko abokatuak. Egun 21 elkarte daude Donostian. Batzuk oso txikiak, 25 bazkidez azpikoak, eta handienak, berriz, 400 bat bazkidetakoak. Elkarterik ez dago udal gobernuaren ordenantzan jasotzen diren neurriak betetzen ez dituenik. Hau da, bat bere ere ez dago ikastetxe baten ondoan. Kasu bakarrean ez dute elkarteen arteko 500 metroko gutxieneko distantzia betetzen, baina kasu puntual hori errespetatu egingo dute. Dena dela, ordenantza onartzen bada egokitzapen epe bat emango dute, eta “etorkizuneko elkarteentzat arautegi baliagarri bat” sortuko dutela esan du Valek.
Kalamuaren kontsumoak garapen kultural bat behar duela adierazi dute federazioko kideek, jendartearen onarpen bat. “Gaur egun kalamua kontsumitzen duen pertsona batek ez ditu tabakoa edo alkohola kontsumitzen dituenaren onarpen eta eskubide berak”, esan du Valek.
Udal gobernuak proposatutako ordenantzak oinarrizko hiru betebehar zehazten ditu, eta kalamu elkarteetako kideak guztiz ados daude neurri horiekin. “Erregulatzea kontrolatzea da” esan du Valek, ikuspegi positibo batetik betiere.
Honakoak dira oinarrizko hiru neurriak:
-Kalamuaren kontsumoak arrisku batzuk dakartza eta arrisku horiek kontuan hartuta, adinez nagusiak ez direnek debekatuta izango dute elkarteetan sartzea. Brionek argitu duenez, gaur egun ere gutxienez 21 urte behar dira kalamu elkarte bateko kide izateko.
-Kontsumitzaileak babesteko neurriak hartuko dira elkarteetan, kontsumoa “zentzuzkoa eta kontrolatua” izan behar baitu.
-Kalamua kontsumitzen duten herritarren eta kontsumitzen ez dutenen arteko elkarbizitza lortzea funtsezkoa izango da, guztien eskubideak bermatuz.
Azkenik, kalamu elkarteen ordenantzak aurrekari bat sortuko duela uste dute kalamu elkarteetako ordezkariek, gazteen lokalak edo bestelako elkarteak erregulatzeko bidea irekiko duena. Beraz, alderdi politiko guztien onarpena eta babesa lortzea espero dute.
Atzo aurkeztu zuen udal gobernuak