Hemendik aurrera auzo elkarteek jasoko dituzte herritarren ekarpenak
Apirilaren 1etik maiatzaren 29ra egingo dituzte hurrengo bilerak. Auzo bakoitzean bi bilera egingo dituzte, eta saio horietatik 2015eko aurrekontuan islatzeko moduko hainbat egitasmo jasotzea espero dute.
Amara eta Morlanseko bizilagunekin atzo egindako bilerarekin amaitu da Auzo eta Herriak Donostia Indartzen parte hartze prozesuaren lehen fasea. Alkatea bera, udal gobernuko ordezkariak eta teknikariak auzoz auzo joan dira 2012an hartutako konpromisoak zertan diren eta zenbateraino bete diren azaltzeko herritarrei. Guztira 15 bilera egin dituzte, Añorga, Martutene, Txomin Enea, Altza, Amara Berri, Bidebieta, Loiolako Erribera, Antigua-Ibaeta, Egia, Gros-Ulia, Intxaurrondo eta Amara-Morlansen. Guztira 550 bat herritarrek hartu dute parte batzarretan, horietatik %46 emakumeak eta %53 gizonak.
Axier Jaka, Partaidetza zinegotzia eta Amaia Agirreolea, Partaidetza zuzendaria gustura agertu dira lehen fasearen garapenarekin. Jakaren esanetan, “oso garrantzitsua da herritarrekin batera lan egitea, haien kezkak entzutea eta azalpenak emateko aukera izatea”. Auzo elkarteekin eta herritarrekin zuzenean lan eginda “politika eredu berri bat sistematizatu” nahi dutela nabarmendu du Jakak, “herritarrengan interes kolektiboarekiko konpromisoa sustatuz”.
Agirreolearen esanetan, berriz, gobernuak kontuak ematea, informazioa eskuragarri jartzea eta gardentasuna dira herritarrek gehien baloratu dituztenak. “Bileren garapena ondo baloratu dute parte hartzaileek, baina ariketa bera da gehien estimatu dutena; gertutasuna”, esan du Agirreoleak. Bileretan parte hartu duten herritarrek betetako balorazio orrien arabera, batetik bostera, hirukoa eman diote jasotako informazioaren kalitateari; laukoa bileren dinamizazioari; eta laukoa baita ere bileretan sortutako giroari.
Auzo elkarteak, gustura
Amara Berri, Martutene, Loiola, Amara, Morlans, Añorga, Herrera, Egia eta Aieteko auzo elkarteetako kideak izan dira gaur goizean udaletxean egin duten agerraldian; guztiek oso positibotzat jo dute parte hartze prozesua.
Irati Galatas, Añorgako Kirol eta Kultur Elkarteko kideak adierazi duenez oso interesgarria da udal gobernuaren parte hartze eredua. Auzoaren egoeraren inguruan hausnartzeko bide eman die auzotarrei, eta baita gainerako auzoen berri jakiteko ere. “Udalarekin harreman zuzena izateak sinesgarritasuna ematen dio proiektuari; oso aberasgarria da ordezkari politikoak aurrez aurre egotea eta auzoko arazoak, beharrak edo eskaerak jasotzen dituztela ikustea”.
Ildo beretik hitz egin du Alex Berganzos, Morlanstarrak auzo elkarteko kideak ere. “Parte hartzeak auzoa, auzotarrak eta hiriko gainerako auzoak ere hobeto ezagutzeko aukera ematen du. Lan asko dago egiteko, hemendik aurrera egin behar dugu herritarron beharrak biltzeko lan handiena. Agian ez dituzte gure eskaera guztiak beteko, baina hausnarketa prozesu bat abian jartzea bera ere oso positiboa da”, esan du Berganzosek. Gainera, beste auzoetako errealitatea ezagutzeak, Udalaren erabaki asko hobeto ulertzen laguntzen duela gaineratu du, eta proposamen bat egin die gainerako auzo elkarteetako kideei: “prozesu parte hartzaile hau oso positiboa eta emankorra izan daiteke, baina zoritxarrez ez dakigu 2015etik aurrera jarraipenik izango ote duen. Udal gobernua aldatzen bada ere auzo elkarteok lanean jarraitu behar dugu, eta bakoitza norbere auzoan aritzeaz gain, guztion arteko bilgune bat sortu beharko genuke”.
Auzo elkarteen gidaritza
Gaurko agerraldian erakutsi dutenez, auzo elkarteak lanerako prest daude. Eurak izango dira, hain zuzen ere, Auzo eta Herriak Donostia Indartzen prozesuko bigarren faseko gidari. Izan ere, hemendik aurrera auzoetako ekarpenak jasotzeko egingo diren batzarretan auzo elkarteetako kideak izango dira gidariak, udal teknikarien laguntzaz.
Apirilaren 1ean hasiko dira bigarren fasearekin, eta maiatzaren 29ra bitartean 29 bilera egingo dituzte; auzo bakoitzean bi bilera. Bilera hauen helburua, auzoetako beharrak aztertu, proposamenak bildu eta horien artean lehentasunak finkatzea izango da. Izan ere, Agirreoleak azaldu duenez, auzo bakoitzak gehienez 15 proposamen aurkeztu ahal izango ditu. Ondoren, udal teknikari eta ordezkariek proposamen horien bideragarritasuna aztertuko dute, eta 2015eko aurrekontuetan txertatuko dituzte. Horregatik, auzotarrek euren lehentasunak “ondo pentsatu eta adostea” garrantzitsua izango dela azpimarratu du Partaidetza zuzendariak. “2015eko aurrekontua parte hartzailea izatea nahi dugu, herritarren proposamenak diru partida bihurtzen saiatuko baikara”, gaineratu du Jakak.
Batzarretan bost eremutako gaiak landu beharko dituzte:
-Kultura: euskara eta kirola
-Hirigintza: ingurumena eta mugikortasuna
-Garapen ekonomikoa
-Gizarte ongizatea eta herri babesa
-Zeharkako gaiak: generoa, herri partaidetza, gazteria, adinekoak eta migrazioa.
Mantenu gaiak batzar hauetatik kanpo geratzen direla azaldu du Agirreoleak, Donostia Berritzen programaren baitan astearteetan mantentze lanei buruzko bilera zehatzak egiten baitira dagoeneko.
Bileren egutegia
Aurrekoak bezala, oraingoak ere bilera irekiak izango dira; 19:00etan hasiko dira, ohiko lekuetan. Hona hemen egutegia:
-Apirilak 1: Txomin Enea
-Apirilak 2: Bidebieta
-Apirilak 3: Añorga
-Apirilak 9: Bidebieta
-Apirilak 10: Añorga
-Maiatzak 12: Parte Zaharra eta Antigua-Ibaeta
-Maiatzak 13: Altza eta Loiola
-Maiatzak 14: Gros-Ulia eta Martutene
-Maiatzak 15: Loiolako Erribera eta Aiete
-Maiatzak 19: Antigua eta Amara Berri
-Maiatzak 20: Altza eta Egia
-Maiatzak 21: Martutene eta Amara-Morlans
-Maiatzak 22: Loiolako Erribera eta Intxaurrondo
-Maiatzak 26: Gros-Ulia eta Amara Berri
-Maiatzak 27: Aiete eta Egia
-Maiatzak 28: Loiola eta Intxaurrondo
-Maiatzak 29: Parte Zaharra eta Amara-Morlans