Itziar Nogeras, Donostia 2016ren zuzendaria. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Donostia 2016 Fundazioaren Patronatuak bere erabakia ” berriro pentsatzeko”eskatu dio.
Donostia 2016ko zuzendari Itziar Nogerasek mahai gainean jarri du bere kargua gaur arratsaldean, kultur hiriburu proiektuaren Fundazioaren Patronatuarekin egin duen bileran. Nogeras prentsaurrekoa ematekoa zen 18:00etan. Izan ere, bilera hasi baino lehen komunikabideak deitu ditu, ustekabean eta deialdiaren arrazoiak zehaztu gabe.
Kazetariak Donostia 2016ren egoitzan zeuden prentsaurrekoa hasteko zain, baina minutu batzuk atzeratuko zela adierazi du Itziar Elizondo Komunikazio arduradunak. Hiru ordu laurden geroago, prentsaurrekorik ez zela izango azaldu du, agerraldia egiteko “baldintzak” “aldatu” egin direlako arratsaldean. Izan ere, gaur arratsaldean, 16:00etan, bilera egin du patronatuak, egoitzan bertan.
Gauean bidalitako ohar baten bidez, Donostia 2016ren bulegoak adierazi du erabakia «berriro pentsatzeko» eskatu diotela patronatuko kideek Nogerasi. Donostia 2016ko iturriek, ordea, ez duten eman Nogerasen erabakiaren arrazoien berri, eta ezta azken erabakia hartua duen ere. Donostia 2016k bidali duen oharraren arabera, bileraren hasieran Itziar Nogerasek bere kargua mahai gainean jarri du.
Bileran hainbat erabaki onartu dituzte: lantalde teknikoak aurkeztutako proiektu kulturalaren ildo nagusiei oniritzia eman die, 2014ko aurrekontuen egokitzapena onartu da, eta sei lanpostu berri eta Kultur Programaren koordinatzailearen figura onartu ditu.