Mozorrotutako gazteak, eraikinaren barruan. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Maiatzaren 1aren etorrerarekin, Egiak Auzoetxea izan du, Udaltzaingoa eta Ertzaintza Onkologiko zaharrean sartu diren gazteak kanporatzen hasi diren arte. 16:00ak inguruan, Onkologikoaren kanpoaldean bildu dira ehun bat pertsona. Helduak, haurrak, gazteak… adin guztietako egiatarrak bertaratu dira, aldarrikatzen duten Auzoetxearen izaera irekiaren isla. “Ongi etorri Egiako Auzoetxera”, hitzekin agerraldi txiki bat egin dute okupazioa gauzatu aurretik. “Ez da okupazio soil bat, desjabetze bat baizik. Eraikina Kutxari kendu nahi diogu, herritarren esku uzteko. Beraiek gauzatzen ez duten gizartekintza da, hain justu, hemen egiten ari garena”, adierazi dute.
Adierazpenak eginda, mozorrotutako zenbait gazte eraikinaren leihoetara irten dira bengalekin eta okupazioaren ikurrarekin. Eguerditik izan dira barruan, baina arratsaldera arte itxaron dute okupazioari forma emateko, Onkologikoaren kanpoaldean bildutako lagunen babesa izan arte. “Orain Auzoetxea eraikitzen hasiko gara. Barruan direnak atea irekitzen saiatuko dira, baina, bitartean, jarduerak egingo ditugu kanpoaldean”, iragarri du kanpoan zegoen gazteetako batek.
Ekintzak ekintza, okupazioak ordubete iraun du. Udaltzaingoa bertaratu da lehenik, 16:30ak aldera, eta ondoren Ertzaintza iritsi da. 17:00ak aldera eraikina husten hasi da polizia. Auzoetxearen aldarriak, ordurako, Egiako mugak zeharkatu ditu.
Egian lan handia egin dute Auzoetxearen egitasmoaren inguruan. Izan ere, auzotarrentzat eta auzotarrek eginiko espazio baten beharra ikusten dute. Hain zuzen ere, auzolanari buruz azken hilabeteetan egindako batzarretan horixe izan da ateratako ondorio bat Egian, egungo kultur etxeak eta udalaren esku dauden beste egoitza batzuk ez baitituzte auzotarrak asetzen.
Hori horrela izanik, egiatarrak lanean jarri dira eta sortu nahi duten Auzoetxearen egitura eta edukia osatzeko ekarpenak jaso dituzte. Plaza Haundin, mahai bat eta guzti jarri izan dute egiatarrei informazioa emateko eta egiatarrek eurek ekarpenak utz zitzaten, hortarako egokitutako postontzi batean. Eragileekin bilerak egin dituzte, era berean, eta zirriborro bat osatu dute. Taberna, Haur eta gurasoen gela, sukaldea eta jantoki soziala, baratza soziala, areto nagusia, dantza gela, liburutegia… Auzoetxeak izan beharko lituzken zerbitzuak ideia horien bueltan sortu dituzte. Gogoeta piztuta, eta egitasmoa edukiz bete eta gero, espazio fisiko bat aurkitzea zen hurrengo pausua. Eta horixe aldarrikatu dute gaur, okupazioaren bitartez.
-
-
Jendea, eraikinaren kanpoaldera sartzen. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
-
-
-
-
-