Dbuseko gidari bat. (Argazkia: Dbus)
EAEko Lan Arloko Justizia Auzitegi Nagusiak Dbuseko gidariei euskararen ezagutza eskatzea ez dela bidezkoa erabaki du. Hala, Dbuseko lan poltsa osatzeko deialdia etenda geratu da behin-behinean. Izan ere, udal gobernuak auzitegiaren epaiari errekutsoa jartzea erabaki du.
Hizkuntza eskakizunak Dbusen administrazio kontseiluak zehaztu zituen. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen ezagutza eskatzea erabaki zuten, euskarazko zein gaztelerazko proben bidez. Bildu, EAJ eta Kurpil sindikatuen aldeko bozkekin onartu zituzten hizkuntza eskakizun hauek. PPk abstentziora jo zuen, eta PSE-EEk eta UGTk ez zuten bozketan parte hartu.
UGTren errekutso baten ondorioz etorri da Lan Arloko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia, arrazoia eman baitio sindikatuari. Dbuseko administrazio kontseiluak euskara ezagutza puntuagarria izatetik, derrigorrezkoa izatera aldatzea adostu zuen, eta eskaera hori ez da bidezkoa UGTren arabera.
Epaileak argudio horren alde egin du, haren ustez ez delako bidezkoa gidari bati euskara eskatzea, “gidari baten lana betetzeko hizkuntza ez da beharrezkoa, bere funtzioa ez delako publikoari edo bezeroari harrera egitea”.
Horren harira, Jon Albizu, Mugikortasun zinegotziak “epaia euskaldunen hizkuntza eskubideen kontrako eraso zuzena” dela adierazi du. Era berean, Albizuri kezkagarriak iruditu zaizkio epailearen beste hainbat adierazpen ere: “bi hizkuntza ofizial dituzten erkidegoetan bizi diren bizilagunek agintariekin harremanetan hizkuntza biak erabiltzeko eskubidea dute eta gaztelania ezagutzeko derrigortasuna, bigarren hizkuntzaren ezagutzeko beharrik gabe. Konstituzioak gaztelaniaz hitz egiten duten pertsonekiko bazterketak ekidin behar ditu, gaztelaniaz gain beste hizkuntza ofizial bat duten erkidegoen kasuan”, dio epaiak.
Zentzu horretan, Albizuk gogoratu du Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzeko ez dela ezinbestekoa gaztelera jakitea, eta gainera Europar Batasuneko edozein hiritar prozesu hauetara aurkeztu daitekeela, baina normalena hiritarrei zerbitzua emateko beharrezkoak diren hizkuntzak jakitea dela. “Epaileak uste badu hizkuntza ez dela beharrezkoa gidari baten lanerako, gazteleraz hitz egiten ez den edozein herrialdetako gidariak izan genitzake, inongo hizkuntza eskakizunik egin gabe”, esan du Albizuk.