Ernesto Gasco, PSE-EEko bozeramailea. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Dbusen administrazio kontseiluak hartutako erabakiaren aurka agertu dira sozialistak hasieratik. Hala adierazi du Ernesto Gasco, PSE-EEko bozeramaileak. Bere hitzetan, “langileen eskubideak urratzen ditu deialdiak, eta baita eskaintza horretara aurkeztu nahi duten herritarrenak ere”. EAEko Lan Arloko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak bere iritzia berresten duela gaineratu du Gascok.
Gainera, “gaia auzitegietan dagoen bitartean lan-deialdia etenda dago, eta horrek ez dio onurarik ekarriko Dbusi, ordezkapenetarako lan poltsarik gabe geratuko baita”, esan du zinegotzi sozialistak. Horregatik, epaiari helegiterik ez jartzeko eskatu diote udal gobernuari. Gascoren arabera, “administrazio kontseiluan eztabaidatu gabe hartu dute erabakia, eta hori ez da bidezkoa”. Ostegunean egingo dute Dbusen administrazio kontseilua, eta gaia bertan eztabaidatzea nahi dute sozialistek.
Lan poltsarako hautagaiek bi azterketa egin dituzte, eta 600dik 40k bakarrik gainditu dutela nabarmendu du Gascok; “Emaitza horiek islatzen dute froga hauek ez daudela ongi egituratuak; derrigortasunik gabeko deialdi berri bat egin beharko litzateke, hutsetik hasita eta orain arteko deialdien ereduari eutsiz”.