EHF Kopan parte hartuko du Bera Bera Eskubaloiak
Bera Bera Eskubaloiak 2014-15 denboraldian EHF Kopan parte hartzea erabaki du. Izan ere, taldeak Liga irabazi ostean, Txapeldunen Ligari uko egin behar izan dio, arrazoi ekonomikoak tarteko. Hala, Europako bigarren txapelketa garrantzitsuenean izango da. EHFko hirugarren txandan sartuko litzateke Bera Bera berez, hau da, azaroan, joaneko partida 15ean edo 16an, eta itzulerakoa, 22an edo 23an.
Europan parte hartzeko erabakia hartzerakoan, Basquetour Agentziaren inplikazioa izan da garrantzitsua, taldeak bere webgunearen bidez jakinarazi duenez. Ondorioz, azkeneko urtetan bezala, Bera Berak ‘Euskadi – Basque Country’ marka eramango du bere kamisetetan. Txapeldunen Ligan ez bezala, EHF Kopan ez da derrigorrezkoa eskubaloi marrak bakarrik dituen kantxa batean jokatzea.
1993an Errekopan debuta egin zuenetik, bi txandatan baino ez du huts egin Bera Berak Europan, EHF, Errekopa –Cup Winners’ Cup-, City Cup eta Champions League aritu delarik. Europako goreneko txapelketako multzoen fasean jokatzeaz gain, Bera Beraren lorpenik handiena 2008ko Errekopako finalerdietara iristea izan da, Errumaniako Brasov taldearen aurka.