Donostia Kriterium lasterketako irabazleak: ezkerretik eskuinera: Luis Junquera, Pablo Rodriguez, Timothe Ceresa eta Haimar Lopez. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Pablo Rodriguezek irabazi du HiriBirak antolatutako lehen kriteriuma.
Haimar Lopez izan da lehen donostiarra.
Ikusgarria eta zirraragarria izan da lehen Donostia Kriterium lasterketa. Sagues eta Grosera gerturatu diren ikusleak piñoi finkoko bizikleta gaineko ikuskizun eder baten lekuko izan dira. Bulebarreko Gaueko Kriteriuma desagertu zenetik ez da horrelako probarik egin Donostian, eta ikusleen ikusmina agerikoa izan da.
60 parte hartzaile lehia bizian aritu dira. Hogei buelta eman behar zituzten 1, 2 kilometroko ibilbidean. Denborak aurrera egin ahala, eguzki izpiak desagertzen hasi dira, eta ilunabarrak ikuskizunari ikusgarritasun are handiagoa eman dio. Jende andana elkartu da zirkuituaren inguruan parte hartzaileak animatzeko eta ikuskizunaz gozatzeko
HiriBira Elkarteak antolatu duen lehen Donostia Kriteriumak badu irabazlea. Pablo Rodriguez asturiarrak lortu du lehen postua. Eta esan daiteke asturiarrak izan direla nagusi lehen Donostia Kriteriumean, bigarren postua ere beste asturiar batek lortu du eta: Luis Junquera-k. Biak ala biak Xixongoak dira. Eta hirugarren postua Timothe Ceresa frantziarrak eskuratu du. Lehen donostiarra Amara Berriko Haimar Lopez izan da, eta berak eskuratu du IRUTXULOKO HITZAren lehen saria. Sailkapen orokorrean hamargarren postua lortu du Lopezek.