"Orain irabaztea da garrantzitsuena"
Talde txuri-urdinak izen handiko entrenatzaile bat ekarri du Jagoba Arrasateren lekua betetzeko. David Moyes eskoziarrak 2016ko ekaina arte sinatu du, eta taldea beheko postuetatik ateratzea dela lehentasuna adierazi du.
Realak David Moyes aukeratu du entrenatzaile posturako, «taldea berriro lehen lerroan jartzeko», klubeko kirol zuzendari Lorenek gaur egindako agerraldian nabarmendutakoaren arabera. «Gai asko ditugu esku artean; futbol zelai berria eta telebista eskubideak, kasu. Horregatik ere egin dugu Moyes bezalako izen handi baten aldeko apustua. Reala talde garrantzitsuenen artean ikusi nahi dugu berriro», erantsi du.
Joan den astean Jagoba Arrasate kargutik kendu ondoren, ikusteko zegoen nork beteko zuen bizkaitarrak utzitako hutsunea. Sanseko entrenatzaile Asier Santana eseri zen aulkian igandean, Atletico Madrilen aurkako garaipen handian, baina jakina zen egun bateko kontua zela, entrenatzaile berria etorri arte. Erabakia astelehenean hartu zuten, gauerdia aldera, lehen hartu emana duela bi aste izan ondoren. Hala, Moyes asteazkenean iritsi zen Donostiara, 2016ko ekaina arte kontratua sinatu eta gidaritza hartzeko.
Zubietan izan zen atzo arratsaldean eta atzo goizean, baina saioa zuzendu gabe. Lehen adierazpenak gaur arratsaldean egin ditu, Anoetan, ehundik gora kazetariren aurrean. Ikusmin handia piztu du entrenatzaile eskoziarrak. Bere irudia prentsa aretoaren paretan jarri du Realak, eta mahaian, entrenatzaile berriaren ondoan, kirol zuzendari Loren eta Jokin Aperribai presidentea eseri dira.
Sky telebistarentzat
17:03ean sartu da aretoan eguneko protagonista. Presidentearen ongi etorriaren ostean, lehen hiru galderak etorri dira kazetarien aldetik. Itzulpenik gabe egin dituzte hauek, Sky telebistarako, agerraldia zuzenean ari baitzen ematen. Gutxitan egon da hainbeste ikusmin Realak egindako aurkezpen batean.
Realera etortzeko arrazoiei buruz hitz egin du Moyesek, lehenik eta behin. «Presidenteak erakutsitako interesak zerikusi handia izan du. Nirekin konfiantza handia duela erakutsi du», adierazi du.
Joan den astean, inork jakin gabe, Donostian izan zela aitortu du, kirol instalazioak ikusi zituela eta Aperribairekin afaldu zuela. Erabakia hartzeko denbora behar izan duela onartu zuen, «atzerrira joatea beti erabaki garrantzitsu bat delako, are eta gehiago familia guztia ekarri behar denean».
Lanean hasteko gogoarekin dagoela azpimarratu du Moyesek, beste guztiaren gainetik: «Hemen egotearekin pozik nago, lan egiteko gogo handiarekin. Hasteko gogotsu nago». Guardiola eta Mourinhoren artean, norekin duen antzekotasun gehien galdetu diote: «Mourinhorekin, agian. Gogorra naiz eta gogor lan egitera etorri naiz Realera». Hain zuzen ere, «lana» izan da gehien errepikatu duen hitza, eta «pertsonalitatea» eskatu du: «Orain irabaztea da garrantzitsuena. Gauden egoeran gaudela, beste guztia ondo dago, baina irabaztea da behar duguna».
Ikusi dituen lehen entrenamendu saioetan ondorioren bat atera duen galdetu diote: «Baikortasun handia ikusi dut entrenamendu saioetan, grin handia, igandeko partida irabazi izanagatik ziurrenik», esan du. «Sailkapenak erakusten duena baino hobeak dira jokalariak. Bakoitzak bere onena atera dezan nahi dut», azpimarratu du. «Anbizio handiko talde eta klub bat nahi ditut, eta hori da ikusi dudana presidentearekin izandako elkarrizketetan», berretsi du. Hala ere, entrenatzaile berriak ez ditu helburuak finkatu; taldea dagoen lekutik irten arte, bederen.
Espainiako Ligara etortzearekin pozik dela azaldu du: «Beti gustatu zait onenen kontra jokatzea, eta Espainiako Ligan entrenatzaile eta jokalari onenak daude». Talde txuri-udina ezagutzen duela nabarmendu du. Honen harira, «talde historikoa» dela esan eta gero, kasualitateak iraganean Realarekin topo egiteko aukera eman ziola esplikatu du. Hain zuzen ere, Glasgow-ko Celtic taldeko jokalari zenean, Realaren kontra jokatu zuen Europan, 1982-1983 denboraldian. Bestalde, apustua garestia izan ote den galdetu diote Aperribairi. «Arlo ekonomikoa ez da izan negoziazioaren gai nagusia, ezta gutxiagorik ere», ziurtatu du presidenteak.