Justizia egitea nahi dute Zabalzaren auzokide eta lagunek
Igandean oroimen ekitaldi bat antolatu dute, Altzako San Martzial plazan, 13:00etan.
Altzatarra desagertu zela 29 urte betetzen diren honetan, Bertsolari Txirrita kalean elkartu dira gaztearen lagun eta auzokideak. Mikel Zabalza bizi zen etxearen aurrean, lore eskaintza egin diote, eta ondoren Manex Ralla Arregi auzokideak hartu du hitza, oroimena, egia, eta justizia eta ordaina eskatuz.
- “Oroimena gaur 29 urte betetzen direlako Mikel Zabalza Altzatik eraman zutela. Haien eskutan inkomunikatuta egonik betiko galdu genuen. Desagertu egin zela esan ziguten, eta handik hogei egunetara hilik itzuli ziguten atxiloturik eraman zuten uniformedun berdinek”.
- “Egia, oraindik zigor gabe geratu delako krimen hori. Inoiz sinistu ez dugun hamaika gezur esan zizkigutelako, eta oraindik ere, inork sinisten ez duen kontakizuna delako bertsio bakarra. Mikelek eskuburdinak jarrita jauzi egin omen zen errekara. Egun luzez bilaketa lanak burutu ziren leku berean aurkitu zuten Mikelen gorpua, Guardia Zibilek beraiek. Hamaika zantzuk haien gezurra desegin zuten. Guk badakigu zer gertatu zen, guk badakigu torturak erail zuela Mikel Zabalza baina inork ez du erantzukizunik hartu. Altzan ez gara ahazten nor izan zen Mikel Zabalza, Altzan ez gara ahazten zer gertatu zen Mikel Zabalzarekin eta egia jakin nahi dugu”.
- “Justizia eta erreparazioa 29 urte igaro eta gero inork ez duelako eragindako mina aitortu, ez eta ardura hartu ere. Inork ez du Mikelen heriotzagatik erantzun: zigorgabetasuna erabatekoa izan da. Mikel bigarren mailako biktima izaten jarraitzen du”.