Dolores Redondo: "Badago lehenengo eleberrian esan nezakeen zerbait, baina bukaerara arte gorde dut"
Baztango hilketen trilogiako azken eleberria aurkeztu du idazle donostiarrak, ‘Eskaintza ekaitzari’.
Amaia Salazar ikertzailearen istorioak jada badu bukaera. Izan ere, Dolores Redondok Baztango hilketen trilogia itxi du hirugarren liburuarekin: Eskaintza ekaitzari. Joan den astean Baztanen bertan egin zuen idazle donostiarrak gaztelerazko hirugarren liburuaren aurkezpena, hainbat komunikabideren aurrean. Gaurkoan, Erein argitaletxearekin kaleratu duen euskarazko bertsioa aurkeztu du Donostian. Aurreko bi liburuetan argitu gabe geratu diren misterio guztiak argituko ditu azken liburuak idazlearen esanetan: “Ezusteko asko daude liburuan. Badago lehenengo eleberrian esan nezakeen zerbait, baina bukaerara arte gorde dut”. Ereinek 3.000 ale kaleratu ditu, eta lehenengo eleberria dagoeneko hirugarren ediziora iritsi da.
Zaindari ikusezina eta Hezurren ondarea nobelen ostean iritsi da Eskaintza ekaitzari. Aurreko nobeletako osagai berak ditu hirugarrenak ere; ikerketa (ume jaio berri baten krimena oraingoan), mitologia eta garai bateko sinesmenak, eta Amaia Salazar inspektorearen barne mundua. “Istorio bera da, hiru zatitan kontatuta. Lehenengo nobelan informazio zehatza eman nuen. Bigarrengoan askoz ere informazio gehiago sartu nuen, Amaiaren minaren jatorria azalduz, eta hori da Baztanen gogokoen duten liburua. Hirugarrengoa azkarra da”, argitu du idazleak.
Bi hilabeteko haur baten hilketarekin eman dio liburuari hasiera idazleak. Haur horren aita delarik hilketaren susmagarria. Inguma pertsonaia ere agertuko da, garai bateko sinismenetako deabru maltzurra, herritarrak itotzen zituena eta amesgaiztoetan agertzen zena. Beste aldetik, Mari izango da herritarrak babestuko dituena.
Prentsan irakurritako albiste batek zerikusi handia du nobela honekin. Izan ere, idazten ari zela irakurri zuen albistea Redondok. Duela 30 urte sekta bateko kideek Lesakan hil zuten haur baten inguruko albistea zen. “Liburu hauek idazten hasi aurretik sekula ez nuen poliziarekin harremanik izan. Lehenengo nobelarako aukera izan nuen euren prentsa arduradunarekin hitz egiteko, baina oraingoan kasu hura landu zuen poliziarekin egoteko aukera izan dut. Kasuak zabalik jarraitzen du gainera, eta baliteke laster ustezko arduradunak zigortzea”.
“Trilogia bukatzeak esan nahi du trilogia bukatu dela, besterik ez”
Trilogia itxi badu ere, Redondok argi utzi nahi izan du ez dituela ez pertsonaiak ez Baztan alde batera utziko: “Trilogia bukatzeak esan nahi du trilogia bukatu dela, besterik ez. Ez ditut ez pertsonaiak ez Baztan utziko. Baztan goxoki baten modukoa iruditzen zait, eta Amaiarekin itzuliko naiz”. Hori bai, orain, bere liburuak munduko hainbat txokotan aurkezteko unea dela esan du, hizkuntza askotara itzuli baitira bere eleberriak. Erresuma Batua, Norvegia, Argentina, Australia eta Korea dira idazleak bisitatuko dituen lekuetako batzuk; “ondoren iritsiko da idazteko garaia”.
Pelikulari dagokionean, gero eta forma gehiago hartzen ari den proiektua da. Peter Nadermann ekoizleak lortu zituen eskubideak lehen eleberriarekin; Millenium zinemara eraman zuen bera, hain zuzen ere. Gainera, Atresmedia eta Nostromo Pictures ekoizpen etxeek datorren urtean filmaketarekin hasteko asmoa dute idazlearen esanetan. Hala, zin egin zioten moduan, filma Baztanen bertan egitea espero du. “Beste leku batean filmatzea akats handi bat izango litzateke”, aipatu du idazleak.
Hamabi urte daramatza Nafarroan bizitzen Dolores Redondok. Maitasunak eraman zuen Cintruenigo herrira, eta hantxe bizi da gaur egun, bere senarrarekin eta seme-alabekin. Trilogiako lehen liburua 2013ko urtarrilaren 15ean argitaratu zuen, eta lehen bi argitalpenek 200.000 irakurle ahozabalik utzi zituzten, munduko hainbat txokotan.
Dolores Redondo Elkar Megadendan (Fermin Kalbeton kalean) izango da gaur arratsaldean, 19:00etan, Amaia Salazarren istorioaren amaieraz hitz egiteko. Aurreko bi bisitetan lagun izan duen Eduardo Yañez kazetaria izango du oraingo honetan ere alboan.