Norka Chiapuso, prentsaurrekoa hasi aurretik, dFeriako kartelarekin. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Identitatea, horixe izango da XXI. dFeria azokaren oinarria. Guztira, 29 dantza eta antzerki ikuskizun eskainiko dituzte aurtengo azokan, martxoaren 9tik 12ra, horien erdia euskaraz. Europako programatzaileengana iritsi nahi dute antolatzaileek, Norka Chiapuso dFeriako zuzendariaren hitzetan, hala, hainbat ikuskizun ingelesez eta frantsesez azpidatziko dituzte. Hiru atal banatuko dituzte aurtengo arte eszenikoen azokan: Eszena T (Akitania-Euskadi), Iberoamerikako leihoa eta dFeria Dantzan.
Bereziki profesionalei zuzendutako azoka izaten den arren, herritarrek ere saioez gozatzeko aukera izango dute hiriko hainbat kultur guneetan: Intxaurrondo kultur etxea, Gazteszena, Lugaritz kultur etxea, 2016 Gunea, Viktoria Eugenia Antzokia, Antzoki Zaharra, eta aurten, estreinekoz, baita San Telmo Museoan ere. Ikuskizunen emanaldiez gain, jarduera paraleloak ere egingo dituzte, bai azokaren baitan bai beste data batzuetan ere.