Hitza Taldeko kideek ere parte hartu dute Lilatoian
Erdialdeko kaleak bete dituzte 4.000 emakumek 26. lasterketan
IRUTXULOKO HITZA Lilatoian izan da aurten ere, seigarren urtez jarraian. ‘Euskaraz parekidetasunerantz’ leloa soinean hartuta, Hitza Taldeko kideek elastiko arrosekin parte hartu dute 26. Lilatoian. Ia 4.000 emakumerekin batera 5 kilometroko ibilbidea egin ostean, Hitza Taldeko kideetako batzuk Bulebarrean bat egin zuten, elkarrekin argazki bat ateratzeko. Bat baino gehiago dira urtez urte Lilatoian Hitza Taldearen izenean parte hartu dutenak, eta harreman polita sortu dute elkartzen direnen artean. Aurten, ordea, sekula baino handiagoa izan da lasterketaren partehartzea eta ohiko lagun bat baino gehiago dortsalik gabe geratu dira. Aiora Jaka donostiarra izan zen atzoko lehian helmugaratzen lehena, 18 minutu eta 58 segundoko denborarekin.