Musikari oñatiarrak ekainaren 21ean jasoko du garaikurra, Viktoria Eugenia Antzokian
Ruper Ordorikak jasoko du aurtengo Adarra Saria.
Ruper Ordorika musikari oñatiarra sarituko dute aurten Adarra Sariarekin. Donostiako Udalak Donostia Kulturaren bitartez ematen du saria iaztik; euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bat omentzeko. Lehen ekitaldian, Mikel Laboaren sorkuntza-lana eta jeinua saritu zituzten, eta haren alargunak, Marisol Bastidak, jaso zuen saria. Jose Antonio Etxenikek, Agurtzane Aizpuruk eta Jon Eskisabelek osatu dute Adarra Sariaren Batzordea, eta aho batez hartu dute erabakia: “Izan duen ibilbidearen seriotasunagatik, bere jarrera artistikoaren modernotasun berezkoagatik eta konpositore gisa egin duen lanaren sakontasunagatik”.
Ruper Ordorikak bere estiloaren berezko modernotasunari eta proposamen musikalari ibilbide luze eta emankorra gehitzen dizkiola iritzi dute sariaren arduradunek. Hala, Euskal Herriko abangoardiako artistekin ez ezik, beste jatorri eta tradizio batzuetako lehen mailako artistekin ere proiektuak partekatu dituela nabarmendu dute. Gainera, Ordorikak euskal kantutegiaren zati garrantzitsu bat berreskuratu eta eguneratu duela nabarmendu dute, bere izenean zein taldean. Ruper artista ezaguna eta errespetatua da, eta bere abesteko estilo propioa du bereizgarri nagusia.
Marijose Rekalde artista iruñearraren eskultura bat da izango da Ordorikak jasoko duen garaikurra. Brontzezko irudi neutro bat da, adar bat duena, musikaren jatorria iradoki nahian. Sari emate ekitaldia ekainaren 21ean egingo dute, Viktoria Eugenia Antzokian.