Emakumeen eskubideen alde atera dira kalera
Abortuaren legearen erreforma bertan behera uztea lortu izana ospatu dute
Emakumeen Nazioarteko Egunean, “inoiz baino lagun gehiago” irten dira kalera berdintasuna aldarrikatzeko. Euskal Herria feminismotik eraikitzen lelopean, Bulebarretik abiatu eta erdialdeko kaleetatik barrena ibili dira. “Matxismoak hiltzen gaitu; gora borroka feminista; erasoen aurka ekintza zuzena; lana banatu, ondasuna banatu” oihuen artean egin dute martxa. Kutxabanken Getaria kaleko bulegoan egin dute geldialdia. Izan ere, kapitalismoak sortzen duen kaltea salatu dute eta baita kaleratze ehuneko handiak banku horrek egiten dituela gogorarazi: “Zuen aberastasuna, gure miseria da”.
Manifestazioa Bulebarreko kioskoan amaitu dute, eta bertan Donostiako Koordinadora Feministako kideek hartu dute hitza. Lehenik eta behin, Mugimendu Feminista zoriondu nahi izan dute: “Berriz ere borroka eta presioren bitartez garaipenak lortu ditugu, abortuaren legearen erreforma bertan behera uztea lortu dugu”. Hala ere, lanean jarraituko dutela ziurtatu dute. Bestalde, sexu bereizketa, patriarkalismoa, familia eredu heterosexualak, arrazakeria, emakumeon zapalkuntza… gizarteak bizi duen errealitatearen jatorri eta eragin zuzena direla salatu dute. Horregatik, eta aldaketarako bidean, proiektu feminista ezinbestekotzat dute, “begirada integral eta zehatza batzeko gaitasuna izango duena. Euskal Herria feminismotik eraikitzen ari gara. Gora borroka feminista!”.
[Gallery=174]