Aldaketa iritsi da Donostiarra arraun elkartearen zuzendaritzara; bost urteko ibilbidearen ostean, Alberto Goitiak bere postua utzi du, eta Alberto Lopezek hartu du haren lekua, haize freskoa ekarriz.
Alberto Lopez, Donostiarrako presidentea
Hogei urte baino gehiago daramatza Donostian bizitzen, eta itsasoarekiko maitasuna landu du jada Alberto Lopezek (Gasteiz, 1970). Ez dator arraun mundutik, zaletua den arren. Aizepe gastronomia elkarteko presidentea izanik hasi zuen harremana hiriko traineru bateratuarekin, eta harro dago. Ideiak oso garbi ditu, eta gustura hartu du klubak luzatutako erronka.
Alberto Goitia, Donostiarrako presidente ohia, eta Alberto Lopez, Donostiarrako presidente berria.(Argazkia: Estitxu Zabala)
Nola hasi zen zure harremana Donostiarrarekin?
2008an hasi zen harremana, klubak gastronomia elkarteen babesa eskatu zuenean. Dirua lortzeko kantaldiak antolatu zituzten, arraun bakoitzari elkarte baten izena eman zioten… eta proiektua ezagutzen hasi ginen.
Duela hilabete batzuk, berriz, presidente izateko proposamena egin zizuten.
Bai, urte bukaeran Donostiarrako zuzendaritzako kide batek deitu zidan. Bilera bat izan zutela eta presidente posturako nigan pentsatu zutela esan zidan. Hauteskunde batzuk egon ziren eta ni izan nintzen presidente posturako hautagai bakarra. Beraz, postua hartu nuen.
Ezustean harrapatu zintuen Donostiarrakoen deiak?
Bai, zalantzarik gabe ezustean harrapatu ninduten, sekula ez zitzaidan burutik pasako. Nire galdera izan zen: ‘zergatik ni?’, ni ez bainaiz arraun munduan ibilitakoa. Proposamena bi konturengatik egin zidatela esan zidaten. Batetik, profesional eta kudeaketa mailan ezagutzen nindutelako, eta klubari onurak ekarriko nizkiola uste zutelako; eta bestetik, hain zuzen ere, ez nentorrelako arraun mundutik, eta horrek freskotasuna ematen zidalako.
Bi aldiz pentsatu behar izan zenuen erantzuna?
Ez deitzen zidatenengatik eta ez Donostiari bere traineruarekin lagundu nahi ez nioelako. Hori bai, nire emaztearekin hitz egin nuen, lan horrek eragingo zidan denborarengatik, eta ‘zein polita’ izan zen bere erantzuna. Bera donostiarra da eta bere anaiak arraunean aritu ziren Urkin. Ni hainbat kontutan sartuta nabil, enpresak eta bulegoak ditut herrialde bat baino gehiagotan, eta nire denbora murritza da. Hala ere, nire emaztearen erantzunak baiezkoa ematera bultzatu ninduen.
Dagoeneko hilabete pare bat daramatzazu klubean murgilduta. Zer jaso duzu momentuz?
Oso ongi egituratua dagoen klub bat ikusi dut. Urte gutxiren bueltan, klubaren oinarrirako beharrezkoa den guztia lortu dute. Ikusi dut Donostia traineru on baten zain dagoela, baina, hainbesteko historia duenez, traineru bateratu bat izateko kudeaketa egitea zaila da. Dagoeneko topatu ditut kluben arteko arazoak, baina niretzako erronka polit bat da denak ongi moldatzea eta guztien zentzu berean arraun egitea. Munduko enpresa guztietan hitz egiten da elkarrekin arraunean aritzeaz, hemen benetazkoa da.
Urkiko eta Arraun Lagunakeko presidenteekin batera egin duzu zure aurkezpena. Batasuna islatu nahi duzue, ezta?
Bai, nik erakutsi nahi dudana erabili nahi dudan estiloa da, eta horregatik gonbidatu nituen aurkezpenera. Elkarrekin egingo dugun guztia hala izatea nahi dut. Harrobia osatzeko behar ditugu, eta eurek Donostiako trainerua goi mailan izateko behar gaituzte. Orain, hitzarmen berri bat diseinatzen ari gara guztiak gustura egoteko eta beharrezkoa dugun harrobi hori lantzeko.
Alberto Goitia presidente ohiak gomendioren bat eman dizu?
Asko hitz egin dut Albertorekin, eta bereziki gerta daitezkeen gauzetaz ohartarazi nau. Hori bai, konfiantza eta askatasun osoa eman dit zuzendaritza guztiak, eta egunerokotasunaz arduratzen ari dira: gasoilaz, arraun bat konpontzeaz, arraunlari baten motxilaz… . Niri beste ardura batzuk eman dizkidate, eta akatsak egiten uzteko eskatu diet. Oso polita da ikustea nola aurrean egon diren pertsona batzuek pauso bat atzera ematen duten, lidertza beste bati uzteko.
Xabier Zabala entrenatzailearekin hitz egin duzu?
Gehiago hitz egin dut gainontzeko jende guztiarekin, berarekin baino. Bukaerarako uzten ari naizen zerbait da, bai entrenatzaileari eta bai arraunlariei etorkizunera begira dudan proiektua aurkeztu nahi diedalako. Benetan sinetsi dezaten argudio nahikoak izan nahi ditut; zer egiten ari garen esan nahi diet eta zein helburu ditugun. Xabiri esan nahi diot prest egoteko, ea donostiarren aldetik jasoko dugun babesa zertan erabiliko dugun jakiteko; traineru berri bat erosiko dugu? materiala? Badakit garrantzitsuena kirol arloa dela, baina gauza ukigarriekin joan nahi dut eurengana.
Nola lan egingo du zuzendaritzak?
Kontu ofizialetarako bilduko gara karguak ditugun zuzendaritzako kideak: aurrekontuak, agiriak… Horretaz gain, guztiak hainbat batzordetan banatzen ari gara: kirol maila, kluben artekoa, babesleak, jarduerak, egunerokoa, bazkideak, erakundeak, historia, eta komunikazioa. Azken bi arloak, komunikazioarena eta historiarena, oso lotuak daude, eta oso erakargarriak iruditzen zaizkit; nondik gatozen jakin behar dugu, nora goazen erabakitzeko. Egunero hamabost zenbakia mahai gainean egotea nahi dut, Donostiak hamalau bandera ditu; ea hurrengoa noiz lortzen dugun. Sei urte barru ere Kontxako Banderaren 125. urtea izango da, zergatik ez da guretzat data garrantzitsu bat izango?; edo noiz da Esperanzak irabazitako Kontxako Banderaren urteurrena?… Hori guztia jaso behar dugu, zuei emateko.
Edonola, lanerako lau zutabe nagusi banatu dituzue.
Bai, lau zutabe ditugu eta bakoitzerako plan bat dugu. Lehenengoa, gizarte oinarria da, momentu honetan 1.000 bazkide ditugu, eta 2016ko denboraldirako 3.000 eta 5.000 artean izan nahi ditugu. Kirol arloa, berriz, aurrekontuaren araberakoa izango da. Geroz eta diru gehiago lortu, hobeto landuko dugu kirol arloa, baina, aldi berean, geroz eta kirol emaitza hobeak lortu, errazagoa izango da dirua lortzea; zer da lehenago? Biak batzea nahi dut. Hirugarrena, komunikazioa da, webgune indartsu batekin eta sare sozialak landuz, gure bazkideekin, babesle eta kolaboratzaileekin, eta komunikabideekin. Azkenik, plan ekonomikoa dago, eta dirua lortzeko gizartera eta babesleengana jo behar dugu, jarduerak egin behar ditugu eta bazkide kanpainak.
Zein erronka nagusi dituzu?
Instalazio eta material egokiak izatea goi mailan arraunean aritzeko, TKE Ligara igotzea, eta Kontxako Banderan borrokan aritzea. Horretarako, hitzarmen sendo bat sortu behar da hiriko arraun taldeen artean, harrobia lantzeko. Hori ongi egiten badugu, helburuak bospasei urteren bueltan lor daitezke.
Arraunlari berriak batu zaizkio kuadrillari, eta emaitza hobeak espero dituzte
Xabier Zabala da aurten ere Donostiarrako entrenatzailea .Taldea arraunkera berera batzen ari da, eta bihar arratsaldean jokatuko du neguko azken jaitsiera, San Pedron
Torrekua II trainerua, entrenatzen, Kontxako badian. (Argazkia: Donostiarra Arraun Elkartea)
Bajaren bat tarteko, beste zazpi arraunlari batu zaizkio guztira Donostiarrari. Entrenatzaile lanetan ari da Xabier Zabala (Loiola, 1974), aurreko bi denboraldietan bezala, eta berarekin izan da IRUTXULOKO HITZA: «Bi zarauztar etorri zaizkigu, Intxauspe eta Zapiain; San Pedron ibilitako hiru igeldotar; Dani Korkut errumaniarra, Urkin, Zierbenan eta Txinperpen ibilitakoa; eta Iñigo Herrero, Trintxerpen ibilitakoa». Horren ondorioz, gogor ari dira lanean, taldea lehenbailehen batzeko: «Taldeari buelta handia eman diogu, eta poliki-poliki daramatzagun hilabete hauetan batzen ari gara, arraunkera desberdinetatik baitatoz. Lan asko egiten ari gara, eta ongi, baina batzeko prozesuan gaude oraindik».
Arraunlari berriez gain, laguntzaile berria ere badu Zabalak, Mikel Lersundi, Urkiko arraunlari ohia. «Nire Urkiko garaietatik ezagutzen nuen Mikel eta oso mutil egokia da. Bazuen har hori berriz ere ibiltzeko, ongi moldatzen gara eta gustura gabiltza. Beste ikuspuntu bat ematen dit». Presidente berriaz ere aritu da Zabala: «Bere ideia berriak azaltzen ari zaigu. Modu onean hartu dugu eta berak ere modu onean hartu gaitu. Beste bide berri bat zabaltzea espero dugu, eta egokia izatea».
Dagoeneko neguan ohikoak diren jaitsiera batzuk jokatu dituzte, eta arraunlariak mugitzen aritu da Zabala. «Probak egiten ari naiz, jaitsierak ere batze prozesu horretan sartzen. Izan ditugu diztira handiko momentuak, eta, aldi berean, hutsune handiak. Oraindik egonkortasun pixka bat falta zaigu. Lanean jarraituko dugu, udarara ahalik eta ondoen iristeko».
Neguko azken jaitsiera jokatuko du Donostiarrak bihar, 17:00etan, San Pedron, bi trainerurekin. «Ea egokien ateratzen zaigun jaitsiera izaten den, neguko lana zapore onarekin bukatzeko. Bigarren trainerua, berriro ere lehen traineruan ibiliko diren arraunlari batzuekin eta gazteekin osatuko dugu». Behin San Pedroko jaitsiera jokatu ostean, taldeak banatuko dituzte, lan berezitua egin dezan kuadrilla bakoitzak. Bigarren taldea Gari Azkuek zuzenduko du, eta gainontzeko klubetatik iritsitako arraunlariekin betetzeko asmoa dute. Poztasun txikiak badituzte jada taldean, Gipuzkoako Batel Txapelketan oso fin baitabiltza: «Bilatzen dugu pixka bat arraunlariak lehian sartzea pixkanaka eta nahiko ongi gabiltza. Ongi ibiltzeak beti sortzen du taldean poztasuna eta alde horretatik gustura gaude».
Goiko postuen bila
Aurtengo udan, KAE-1 Ligan arituko da berriro ere Torrekua II trainerua. «Pedreñak oso talde egokia egin du, eta Getariak iaz ongi ibilita ere taldea indartu du. Isuntza eta Zumaia ere ongi ibiliko dira. Ohorezko Txandarako borroka handia egongo da, baina gure nahia hor puntan ibiltzea da, ea lortzen dugun».