'Comete, ihesbide sarea' izeneko ikus-entzunezko erakusketa osatu dute Laborategi Aretoan, elkarte klandestinoko hainbat kideren ahotsekin
Erakusketaren arduradunak, aurkezpenean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Comete. Ihesbide sarea ikusentzunezko erakusketa osatu dute San Telmo Museoko Laborategi Aretoan. Zehazki, San Telmo Museoak, Bakearen Etxeak eta Donostia 2016k antolatu dute erakusketa, eta
Morgancrea estudioak ekoitzi du. Comete sare klandestinoa da erakusketaren muina, II. Mundu Gerran, gatazka gunetik 800 iheslari inguru ateratzea lortu zuen elkarte klandestinoa.
Bizirik dirauten Cometeko kideei eta senideei egindako 30 elkarrizketa esklusibo eta dokumentazio berria biltzen ditu erakusketak; eta maiatzaren 31 bitarte egongo da zabalik, doako sarrerarekin, 10:00etatik 20:00etara (astelehenetan izan ezik). Ondoren, beste hiri batzuetara eraman nahi dute erakusketa, bi urtez, ibiltari gisa. “Gerra guztiek zauriak irekitzen dituzte eta sufrimendua zabaltzen dute; eta herri honek ere gerra eta sufrimendu asko ezagutu ditu. Hori da gerren alde txarrena, baina aldi berean, pertsonen alde onena azaleratzen du, elkartasuna, gizatasuna eta konpromisoa baloreekin”, azaldu du Juan Karlos Izagirre alkateak erakusketaren aurkezpenean. Azken batean, erakusketa Comete sarean parte hartu zuten euskal herritarrei ere omenaldi gisa erabili nahi dute, eta memoria historikoaren zabalpen gisa. “Lagun askok beste askori laguntzeko lana izan zen. Ezaguru beharreko historiak dira, iragana ezagutu gabe ezin baitugu etorkizuna eraiki. Berriro halakorik gerta ez dadin, partaideei eskertzeko eta mundu hobe bat sortzeko bideratu dugu erakusketa”, gehitu du Izagirrek. Honakoak egon dira aurkezpenean, Izagirrerekin batera: Nerea Txapartegi, udaleko Kultura arduraduna; Susana Soto, San Telmo Museoko zuzendaria; Inesa Ariztimuño, Donostia 2016ko Bakearen Itsasargiko arduraduna; Carlos Rodriguez eta Asun Lasarte, Morgancreako sormen agentziako kideak eta erakusketaren komisarioak; Martine Le Grelle, Comete sareko Jaques Le Grellen alaba; eta Joxean Goikoetxea, Florentino Goikoetxea mugalariaren iloba. “Ni oso umea nintzen, zortzi urte nituen nire aita joan zenean, eta hortik lau urtera itzuli zen. Orduan ez nintzen konturatzen, baina nire bizitza markatu duten pertsonak ezagutu nituen nire aitaren esperientziari esker”, aipatu du Le Grellek.
Bruselatik Gibraltarrera
Comete sarea Bruselan sortu zen 1940 urte amaieran. Erresistentziarako erakunde zibil franko-belgikarra izan zen, eta helburua II. Mundu Gerran naziak atzetik zituzten soldadu aliatuak gatazka eremutik ateratzea zen. Iheslari gehienak hegazkinlariak ziren; bidaia Bruselan hasi, eta Paris, Baiona edo Donostia bertatik igaro zirenak, ondoren, Gibraltarrera iristeko. Azken batean, nazismoaren aurka borrokatzeko ERresistetziari lagundu zioten pertsonen bizipenak jaso dituzte erakusketan. Hala, eheslariak euren helmugara salbu eramatea zuten xede, enbaxaden eta estatuko zerbitzu aliatuen laguntzarekin. Europa okupatua zeharkatu eta gero, Euskal Herria zen igarobide, Bidasoatik nagusiki. Bidaiako puntu erabakigarri honetan euskal talde batek, mugaren bi aldetan, era aktiboan parte hartu zuten.
1941 eta 1944. urteen artean, Cométe erakundeak 800 iheslari inguru atzerriratu zituen, 3.000 herritarren laguntzarekin. Lagundu zuten herritar horietatik 700 inguru atxilotu zituzten eta 290 bat fusilatu edo deportazioan hil ziren. Sarean parte hartzen zutenak egoera zailean bizi ziren, normalean ez zuten izaten sei hilabete baino gehiago aktibo egoteko aukera atxilotu edota, kasu askotan, kontzentrazio-esparru batera eramaten baitzituzten.
Euskal erbesteratu eta mugalariak Donibane Lohitzune inguruan bizi ziren gehienbat eta sarean egiten zituzten lanak kontrabandoarekin edo beste behar batzuekin partekatzen zituzten. Mugalari asko aritu ziren Cometekin lanean garai ezberdinetan (Hernanikoak, Zestoakoak, Orexakoak…) eta hauetako bat da Florentino Goikoetxea hernaniarra; Comete sareko mugalari nagusia dudarik gabe. Ziburun Kattalin Agirreren laguntza estua zuten; Kattalinek etxean gordetzen zituen hegazkinlariak, eta handik abiatuta, Florentino eta beste mugalariek mugaren beste aldera gidatzen zituzten iheslariak. Behin muga igaro ondoren, hegazkinlariak Oiartzunen atseden hartzen zuten (Sarobe baserrian edo Arbide-Garaiar familiaren ostatuan) edo Donostian Bernardo Aracamaren etxean. Bernardok kontsulatuekin lotura lanak ere egiten zituen.
Pantaila ukigarriak
Erakusketa zortzi eremu edo geltokitan banatu dute: Londres, Brusela, Paris, Bordele-Dax-Baiona, Prevenbruck-Mauthasusen, Donibane Lohizune, Bidasoa-Pirinioak, Gipuzkoa-Donostia, eta Gibraltar. Guztira 32 monitore eta tablet dira erakusketaren oinarria; hala, bisitari bakoitzak nahi dituenaren adierazpenak aukeratu eta entzun ditzake, hautatutako hinkuntzan.
Azken bidaia filmean bildutako materiala erabili dute erakusketa osatzeko, 2011n Donostian aurkeztutako lana.
Jarduera ugari
Hilabetean behin hitzaldi bat eskainiko dute San Telmo Museoko areto nagusian, erakusketaren harira. Lehena bihar izango da, martxoak 17, erakusketaren zuzendariak, Carlos Rodriguezek, J. C. Jimenez de Aberasturi historialariak, Martine Le Grellak eta Joxean Goikoetxeak emango dute, 19.00tan. Hurrengo solasaldiak apirilaren 15ean eta maiatzaren 12an izango dira.
Filmak ere proiektatuko dituzte, maiatzean. Emanaldiak larunbatero izango dira, museoko areto nagusian, 19.00tan. Truebako aretoetan ere, aukera egongo da erakusketarekin lotuta dagoen pelikula bat ikusteko apirilaren 13an, Cineforum zikloaren barnean.
Bigarren zatia Aieten
Zehazki, aurten 70 urte betetzen dira II. Mundu Gerra bukatu zenetik, eta San Telmoko erakusketarekin batera, bigarren erakusketa bat zabalduko dute hirian.
Nazien presentzia Bidasoan izango da bigarren erakusketaren izena, eta Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean jarriko dute, martxoaren 27tik ekainaren 7ra. Armada inbaditzaileak euskal kostaldean egindako eguneroko bizitza eta agintari frankistekin lortutako adiskidetasuna erakutsiko dute erakusketa horren bidez.
Aieteko argazki erakusketan ere proiekzioak egingo dituzte (euskaraz eta gazteleraz), baita bisita gidatuak ere, Jimenez Aberasturirekin erakusketaren komisarioarekin, apirilaren 14an eta 28an.