Bi ikasle, lekukoa hartzen. (Argazkia: Lide Ferreira)
Euskararen aldeko aldarria hiriko txoko askotara iritsi da gaur goizean. Izan ere, Antiguan, Intxaurrondon, Erdialdean, Aieten eta Altzan haurrek Korrika Txikia egin dute. Altzan Harri-Berri Oleta eta Altza ikastetxetako 600 ikasle inguruk hartu dute parte. 3 eta 12 urte bitarteko umeak Altza ikastetxetik abiatu dira korrika. Altza pasealekua zeharkatu dute eta Harri Berriko biribilgunean Herrera pasealekua hartu dute, Harria parkera iritsi arte. Bertan elkartu dira bi ikastetxeak eta lekukoa eskuz esku pasa diote elkarri. Ondoren, hiru ikaslek hartu dute hitza, Altza euskalduntzeko mezua aldarrikatuz: “tipi tapa korrika ekarri nahi dugu euskara auzora, beraz astindu dezagun mingaina!”. Guraso ugarik ez dute euren seme-alabak korrika ikusteko aukera galdu nahi izan, eta parkera hurbildu dira. Beraien aurrean eta festari amaiera emateko, ikasle zein irakasle guztiek gogoz dantzatu eta abestu dute.
Korrika Txikia nonahi
Korrika Txikian orotara 5000 haur arituko dira gaur eta datorren ostirala bitartean. Altzan ez ezik, goizean Jakintza, Ibai, Santo Tomas Lizeoa eta Igeldo ikastolak izan dira Antiguan. Intxaurrondon, The English School, La Asuncion, Intxaurrondo eta Intxaurrondo Hegoa ikastetxeetako haurrek korrika egin dute euskararen alde. Añorgan Amassorrain ikastetxeko umeak Korrika Txikia egin dute. Alderdi Ederretik Lau Haizeta, Larramendi, Zurriola, Mariaren Bihotza, Orixe eta La Asuncion ikasteetxetako ikasleak abiatu dira. Aiete ikastetxeak ere goizean egin du bere ibilbidea, Puio kalean hasita.
Arratsaldean, Axular Lizeoko 600 ikasleek egingo dute korrika, 15:10etik aurrera; Egiako ikastetxetako haurrak irtengo dira Egiako parketik, 15:15ean; eta, Groseko 800 ikaslek Mandasko Duketik hasiko dira, 15:20ean.
Ostiralean Martuteneko Arantzazuko Ama ikastolako haurren txanda izango da. Bidebietan haurtxokoak larunbatean egingo du Korrika Txikia, 18:30ean, eta auzoko ikastetxeek datorren asteazkenean, martxoak 25, aterako dira kalera. Hurrengo egunean, martxoaren 26an, Loiolako Erriberatik Ikasbide ikastolako haurrak ibiliko dira.
[Gallery=176]