Donostiarren laurdenak erabiltzen du edukiontzi marroia soilik Hondakinen Bilgunearen arabera.
Amara Berriko zaborra karakterizatu du Donostiako Hondakinen Bilguneak. (Argazkia: Hondakinen Bilgunea)
Donostiako Hondakinen Bilguneko hainbat kidek Amara Berriko edukiontzi bateko zaborraren karakterizazioa egin dute asteburuan, hirian hondakinen gaikako bilketa zuzen egiten den edo ez ikertzeko. Bilguneak hainbat boltsa ikertu ondoren, bilketa eraginkorra ez dela ondorioztatu dute: edukiontzi berdetik atera dituzten 22 kilotik, 12 kilo (%55) materia organikoa izan da, 3,5 kilo (%16) ontzi arinak, 2,5 kilo (%11) papera, 2 kilo (%9) beira eta errefusa soilik 2 kilo izan dira (%9).
Amara Berrin duela urteak jarri zituzten edukiontzi marroiak, baina Bilgunearen arabera, oraindik auzoko familien herenak dauka soilik txartela: “Donostia osoko laurdenak soilik dauka txartela, eta San Marko mankomunitateak emandako datuen arabera, donostiar bakoitzak 287 kilo errefus bidali zuen zabortegira iaz”.
Bilgunearen esanetan, hiritarrek jokaera aldatu behar dute: “Kutsatzeko eskubidea ez dela existitzen konturatu behar gara, eta ahalegina egin behar dugu gure hondakin kopurua gutxitzen eta sortzen dena gaika berezita ateratzen”.
Gaur egun, Donostiako gaikako bilketa maila %38 da, eta 2016rako udalak jarritako helburua %60 dela gogora ekarri du bilguneak: “Gure elkarteak guztia edukiontzi nahasian botatzeko aukera zailtzea proposatzen du, edukiontzi berde bakartuak kendu, ahoa txikitu eta erabiltzeko egunak mugatuz; horrekin batera, gaika botatzeko aukera erraztea proposatzen dugu, edukiontzi gehiago jarriz, funtzionamendua zainduz eta sortzen denaren arabera kobratuz”.