Lucas Egibar, Kontxako pasealekuan, bere garaikurrekin. (Argazkia: Basque Team)
Lucas Egibarrek Snowboard Crosseko Munduko Kopa irabazi berri du, joan den asteburuan. Basque Team-en beka duen riderra da Egibar, eta sekulako lorpena egin zuen La Molinako estazioan (Girona, Herrialde Katalanak). Hala, Nazioarteko Eski Federazioaren Kristalezko Globoa lortu zuen igeldokoak, 21 urterekin. Komunikabideen aurrean agertu zen Donostian, atzo goizean: “Geroz eta gusturago ari naiz snowboardean eta emaitza hobeagoak lortuz. Hurrengo denboraldian bigarren kristalezko globoaren bila joango naiz. Olinpiar Jokoetarako hiru urte luze daude aurretik entrenatzeko eta etengabe ikasten segitzeko”.
Faborito argia zen La Molinako lehiarako Egibar, aurretik Suitzan garaipena eta bigarren postua lortu ondoren. Hala, bera zen Munduko Kopako sailkapenaren buru, 1.800 punturekin; bigarrenak, Kevin Hill kanadarrak 600 gutxiago zituen, eta hirugarrenak, Nikolai Olyuninek, 640 puntu gutxiago. Suitzakoak izan ziren Munduko Kopako lehen probak; bigarrena eta azkenekoa La Molinan jokatu zuten: Egibar hirugarrena geratu zen sailkapeneko probetan, eta bederatzigarren finalean. Hala, bietan lortutako puntuei esker, Munduko Kopako zirkuituan txapeldun izan da.”Aurten askoz hobeto prestatu dugu denboraldia, eta noski, lan gehiago egiterakoan emaitzak ere hobeagoak izaten dira” aipatu zuen gazteak.
2015eko Snowboard Crosseko Munduko Kopako sailkapen nagusia, gizonezkoetan
- EGIBAR Lucas. 2090.00 puntu
- PULLIN Alex (Austria) 1700.00 puntu
- OLYUNIN Nikolay (Errusia) 1560.00 puntu